Nafarroaren Egunaren 30. edizioa apirilaren 27an Baigorrin

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 15a

Basaizea Kultur Batasunak aitzineko asteetan ere ekitaldiak antolatu ditu

Urtero bezala, apirileko azken igandean eginen da Nafarroaren Eguna, apirilaren 27an Baigorrin. 1978an egin zen ospakizun hau lehenbizikoz «mugaz gaindi, nafarren arteko lokarriak indartzeko». Baigorri eta inguruko gazteen ekimena izan zen eta urteen joanean Basaizea Kultur Elkarteak hartu dio lekukoa.
Aspaldiko urteetan egin den bezala, egun horren harira, kulturaldia antolatu dute aitzineko asteetan ere eta dagoeneko horretan murgilduak daude. Ekitaldiak apirilaren 12an hasi ziren, bertzeak bertze, Mihimena dantza ikuskizunarekin. Arrola Dantza taldekoek euskal dantzen inguruko emanaldia eskaini zuten. Halere, oraindik badago zer ikusi. Apirilaren 18an, ortziralean, JAOk, Zendako badira, zendako behar diren izenburupean eztabaida izanen da 21:00etan Ortzaizeko herriko gelan. Apirilaren 19an, larunbatean, Xiba Herri kirolen Euskal Herriko txapelketako finalerdia eginen da, 16:00etatik aitzinera Baigorriko plaza nagusian. Lehiaketa horrek Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Baztango gazteak elkartuko ditu. Irabazleak Xibaren finalerako txartela lortuko du. Egun berean, Baigorriko Bixentainia ostatuan presoen aldeko gaua eginen da. Hitzaldia, pintxoak eta kontzertuak izanen dira.
Igandean, hilak 20, haur eta gaztetxoen antzerki emanaldia eginen da, 17:00etan Baigorriko Biletxea gelan. Eta egun haundiaren bezperan, apirilaren 26an, Oskorrik kontzertua eskainiko du Berriozarko Bandarekin batera Baigorriko elizan, 21:00etan.

Nafarroaren Eguna

Nafarroaren Eguna igande honetan zortzi eginen da, apirilaren 27an. 30. edizioa izanen du aurtengoa eta goizean goizetik hasita ekitaldi andana izanen dira Baigorrin.

Egitaraua

Karriketan barna
11:00etan ziganteak, dantzariak, joaldunak, gaiteroak, txaranga, trikitilariak...

Elizan
12:00etan bertsolariak (Iribarren, Mateo, Erremundegi, Hiriart), Arrola dantza taldea, kaldereroak, Basaizearen hitza, dantza jauziak, Larrain dantza.
Goiz osoan eliz atarian eskulan erakusketa.

Herriko plazan
14:00etan Garazi eta Ortzaizeko ikastolen bazkaria.
16:00ean Xiba herri kirolak haurrentzako.
17:00etan Gailurreko dantza taldea, Iruña dantza taldea eta Amaren alabak kantuan.
19:00etan Larrain dantza eta jauziak.

Xokoan
16:00etan Kokin.
17:00etan Gu Ta Gutarrak.
18:00etan Kuxkuxtu txaranga.
20:00etan All Jazz era.
23:00etan Kiki Bordatxo.

Egun osoan txaranga, Bandilak, LDKO, trikitilariak, gaiteroak ...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun