Baztan-Bidasoaldeko erregistro zibilak informatizatzeko eta on-line jartzeko hitzarmena sinatu dute astearte eguerdian Donezteben inguruko udal ordezkariek eta Javier Caballero Martinezek, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Kontseilariak. Zehazki, astearte eguerdiko ekitaldian Arantza, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Etxalar, Ezkurra, Igantzi, Ituren, Lesaka, Oitz, Saldias, Sunbilla, Urdazubi, Urrotz, Zubieta eta Zugarramurdiko alkateak izan dira.
Leitzaldekoak ere
Aipatzekoa da joan den asteazkenean, apirilaren 9an, erregistro zibilak informatizatzeko hitzarmena sinatu zutela Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako udalek ere, Irurtzunen egindako ekitaldian.
Onura nabarmenak
Erregistro zibilak informatizatzeak onura nabarmenak ekarriko dituela nabarmendu du Caballero kontseilariak, eta eskerrak eman dizkie udalei, prozesuan inplikatu izanagatik. Nafarroako erregistroak informatizatzeko prozesuak 901.760 euroko kostua du. Nafarroako Gobernuak 541.056 euro jarriko ditu, eta gainontzekoa Estatu Espainiarreko Justizia Ministerioak eta Red.es entitate publikoak ordainduko du. Gaur egun, egoera zibilarekin zerikusia duten datuak, jaiotzak, ezkontzak edo heriotzak bertzeak bertze, eskuz apuntatzen dira erregistroetan dauden liburuetan.
Formazioa eta bitartekoak
Behin akordioa sinatuta, udalerrietako erregistro zibilak informatizatzeko prozesua abiatuko da. Nafarroako Gobernuak ordenagailu bat eta inpresora bat paratuko du udal bakoitzaren esku. Ordenagailuak INFOREG programa izanen du, erregistro zibilerako prozesu guztiak egiteko erabiliko dena. Eta horrekin batera, erregistro zibilean lanean dauden langileei programa erabiltzeko formazioa eskainiko zaie. Udalen esku egonen da aipatu ordenagailuaren mantenua eta ADSL linea bidezko internet konexioa ezartzea.
Edozein erregistrotik edozein erregistroko informazioa
Estatu Espainiarreko edozein erregistroko datuak edozein erregistrotik kontsultatu ahal izanen dira gainera, pertsonaren izena-abizenak teklatuz gero, eta edozein udalek izango du zertifikatuak momentuan emateko gaitasuna. Sistema berriak desplazamenduak egitea saihestuko du, baina jakina, honetarako sistema Estatuko 7.700 erregistro zibiletan ezarri beharko da. Horretan aitzindari izanen omen da Nafarroa.