Nafarroako Gobernuak berriki martxan paratua duen Euskararen Nafar Institutuak eginen duen lehenbiziko lanetatik bat Zugarramurdiko Ahozko tradizioaren artxiboa biltzea izanen da. Bertze bi herrietakoekin batera eginen du, Urdazubi eta Luzaidekoarekin, hain zuzen.
Duela urte bat akitu zen Zugarramurdin bilketa hau egiten, herriko adineko lagun batzuen oroitzapenak eta testigantzak jasoz. Ondotik bilketa hori ikus-entzunezko artxibo batean grabatuta gorde zen, bai herrian eta bai Unibertsitatean ere. Orain Euskararen Nafar Institutuak ere bere gain hartu du lan polit hau.
Bilketan parte hartu zutenak Julia Gortari, Juan Irazoki, Genoveva Iribarren, Mattin Dainciart eta Dolores Irazoki izan ziren, eta ordainketa Akelarre Elkarteak egin zuen.