Otsailean bezala, langabeziak beheiti egin zuen eskualdean martxoan. Hego Euskal Herrian ere otsailean baino langabe guttiago zenbatu ziren. Nafarroan Doneztebeko bulegoak izan zuen jautsiera handiena, otsailean baino %8,7 langabe guttiagorekin. Martxo hondarrean 630 langabe zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan, otsail hondarrean baino 60 guttiago. Doneztebeko bulegoaren bidez 421 kontratu egin ziren martxoan, baina horietatik 63 bakarrik mugagabeko kontratuak. Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabeziarekin kaltetuenak, baina halere adin-tarte horretan jautsi zen gehien langabe kopurua. 25 urtez goitiko 352 emakume zeuden martxoan langabezian eskualdean, otsailean baino 48 guttiago. 25 urtetik goitiko 212 gizaseme zeuden lanik gabe, 7 guttiago. Lan arloei dagokienez, zerbitzu eta industria arloan jautsi zen langabezia, baina zerbitzuenak segitzen zuen langabe gehien biltzen, 400 guztira, otsailean baino 57 guttiago. Industrian 149 langabe zeuden, otsailean baino 8 guttiago.
Bertze arloetan, goiti egin zuen langabeziak martxoan. Eraikuntzan 48 langabe zeuden (2 gehiago), nekazaritzan 12 (2 gehiago), eta aitzinetik lanik topatu ez duten 21 lagun.