Aitzineko ikasturtean baino 3 urteko 24 ikasle guttiago 2008/2009an

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 15a

TTIPI TTAPA

Ikastolen kasuan kopuruak goiti doaz urtetik urtera, zenbaitetan publikoetako kopurua gaindetzeraino

ttipi-ttapa Akitu da Nafarroan ikastetxeetan aurrematrikulazioa egiteko epea. Haur eta Lehen Hezkuntzaren kasuan martxoaren 17a izan zen horretarako azken eguna; bigarren hezkuntzan, berriz, apirilaren 7a bitarte egin ahal izan ziren. Ipar Euskal Herrian, ordea, oraindik ere egin daiteke matrikulazioa, eta hartara, abuztua bitarte ez da jakinen Ipar Euskal Herriko eskoletan hasiko diren ikasle berrien kopuru zehatzik. Nafarroa osoan goiti doan D eredua da nagusi eskualdean eta 2008/2009 ikasturtean ere halaxe izanen da. Ondoko taulan Haur Hezkuntzan lehenbizikoz hurrengo ikasturtean hasiko direnen kopuruak ageri dira ikastetxez ikastetxe, eta iazko datuekin konparatuz, orotara ikasle berrien kopuruak jaitsi egin da.

Batetik, Baztan, Bera eta Lesakako ikastolak azken urteotan izaten ari diren gorakada nabarmendu daiteke. Lesakan zein Baztanen, erraterako, ikastetxe publikoan izen emandakoak baino gehiago dira ikastoletara jo dutenak. Berako ikastolaren kasuan ere kopurua igo egin da, eta ikastetxe publikoarena jaitsi.

Bertze herrietan, berriz, zenbait gorabehera egon arren, oro har aitzineko urteetako kopuru berdintsuekin segituko dute. Guztira, ordea, 3 urteko 24 ikasle guttiago hasiko dira ikasturte berrian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun