55 urteko urroztar bat hil da Lesakan adar batek azpian harrapatuta

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 15a

Lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin zuen LABek

Alfonso Ariztegi Aldabe 55 urteko urroztarra lan istripuan hil zen apirilaren 7an, Lesakan, mendiko lanetan zebilela zuhaitz baten adar haundi batek azpian hartu zuenean. Bazkaltzera agertu ez zela ikusita, lankideak kezkatu eta bila joan ziren. Larri topatu zuten eta larrialdi zerbitzuei deitu zieten. Istripua Antxumategi aldean gertatu zen eta harat joatea zail egin zitzaien larrialdi zerbitzuei. Helikoptero medikalizatua ere bidali zuten, baina ez zen deus egiterik izan. Lesakako Osasun Zentrora bidean hil zen.

Basogintzan egiten zuen lan, eta Lesakako Maderas Etxebeste lantegiak azpikontratatua zen. Heriotz hau salatzeko, Lan istripu gehiagorik ez! lemapean Lesakako Plaza Zaharrean elkarretaratzea egin zuten hilaren 9an LABek deituta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun