Ekitadiz betetakoa izan genuen martxoko azken asteburua eta gainera parte-hartze haundikoa. Ortziral arratsean 33 bikotek hartu zuten parte mus txapelketan eta Patxiku eta Juan Luis Apeztegia izan ziren irabazle. Larunbat goizean sei taldek eman zuten izena gastronomia lehiaketan. Hiru talderen arteko berdinketa izan bazen ere, azkenean Mayaha taldeak irabazi zuen, ilar xuriak eta kostila erreak puntu puntuan zeudela argudiatu baitzuen epaimahaiak. Ondoren 65 gazte elkartu ziren bazkaltzera eta arratsaldean jokoak eta trikipoteoa izan zuten. Egun berean herriko gaztetxoek ere primeran pasa zuten puzgarri eta pailazoarekin. Gauez, berriz, herriko zein kanpoko jende ugari etorri zen. Igande goizean, artisauen azoka eta lehenbiziko gazta lehiaketa egin zen. Bortenea baserrikoekn gazta izan zen irabazlea eta bigarren eta hirugarren postuak Ixtola eta Petrisantzenea baserriek lortu zituzten. Asteburu kulturalean zozketatutako afariak Epetxeneko Mari Jose Bertizerentzat izan ziren eta urdaiazpikoaren zenbakia, berriz, 421 da. Zenbakiaren jabeak Antzakaitz kultur taldeko kideei erran diezaiola. Bertzetik, aipatu, bortz gazta erdi falta direla oraindik banatzeko eta hauen zenbakiak Itturburun, Maria Jesus Harategian eta Okillenean daudela.