Nafarroako euskara zerbitzuek udalekuak euskaraz antolatzen dituzte urtero, Pasaian eta Alkizan. Pasaian, Lehen Hezkuntzako lehen mailatik hirugarren mailara bitarteko ikasleek piraten udalekuak izaten dituzte zazpi egunez eta Alkizan, Lehen Hezkuntzako laugarren eta seigarren maila arteko neska-mutikoek natur udalekuak izaten dituzte. Aurtengo udan, bi eskaintza hauei Azkoitian eginen diren kostaldeko udalekuak gehitu behar zaizkie.
Lehen Hezkuntzako ttikienak Pasaian
Lehen hezkuntzako txikienentzat Piraten Udalekuak izaten dira. Pasai Donibaneko Arrokaundietara joaten dira, Piraten Etxera. Hemen jolas tailerrak, ludoteka pirata, txangoa txalupaz, hondartza, ibilaldiak, igerilekua eta bertze hainbat ekitaldi izanen dira. Astebeteko egonaldia 119 euro kostako da eta zazpi txanden artean aukeratzen ahal da: ekainaren 27tik uztailaren 3ra; uztailaren 3tik 9ra; uztailaren 9tik 15era; uztailaren 15etik 21era; uztailaren 21etik 27ra; uztailaren 27tik abuztuaren 2ra eta abuztuaren 2tik 8ra.
Koxkorragoak Alkizara
Koxkorragoak Alkizara joanen dira, Natura Udalekuetara. Jolasak, herri kirola, mendi ibilaldiak, hondartza, piragua Txingudiko badian eta bertze zenbait ekitaldi izanen dituzte 9-11 urte arteko neska-mutikoek. Zazpi eguneko egonaldiaren prezioa 119 eurokoa izanen da eta arestian aipatutako zazpi txandez gain, abuztuaren 8tik 14ra ere joateko aukea izanen dute.
DBHkoak Azkoitian
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako neska-mutilek Azkoitian kostaldeko udalekuetan 7 eguneko egonaldia izanen dute, 173 euroren truke. Bertan masaje, ingurugiroa edo sukaldaritza tailerrak, piraguismoa Zumaian, surfa Zarautzen, hondartza, igerilekua edo ibilaldiak egiteko aukera izanen dute. Lau txanda izanen dituzte aukeratzeko: ekainaren 27tik uztailaren 3ra, uztailaren 3tik 9ra, uztailaren 9tik 15era eta uztailaren 15etik 21era.
Apirilaren 16a arte aurrematrikula
Plaza kopuru mugatua dela eta gehienetan eskaria eskaintza baino handiagoa izaten denez, heldu den astean, apirilaren 14, 15 eta 16an, aurre-inskripzioa eginen da Baztan Balleko Etxean, 948 580006 telefonoan, Bortzirietako Euskara Mankomunitatean 948 634125 edo bortziriak@euskalnet.net helbidean eta Malerrekako Zerbitzu Mankomunitatean, 948 451746 telefonoan. Eskaintzen diren lekuak baino eskari gehiago baldin badira, zozketa bidez erabakiko da.