Apirilaren 6an, Euskal Herriko Farmazialari Euskaldunen Elkarteak, FEUSEk, urteroko batzar orokorra egin zuen Etxalarren. Duela urte batzuk sortu zen talde hau euskarak beraien alorrean zituen hutsuneak estaltzeko asmoz. Ordutik, hainbat ekintza egin dituzte euskara sustatu eta indartzeko. Horien artean, Farmaberri izeneko lauhilabetekaria eta farmaziaren inguruko Hiztegi tekniko bat argitaratu dituzte, beraien terminologia euskaratuz eta bateratuz. Elkarte honek Euskal Herriko 200etik goiti farmazialari biltzen ditu. FEUSEk urtero egiten du Batzar Orokorra herri ezberdin batean, eta aurten Etxalarren egitea egokitu da. Aitzakia horrekin zonaldea ezagutu zuten. Goizean Urdazubin elkartu ziren eta leizeak eta errota bisitatu zituzten. 13:30ak aldera Etxalarko Kultur Etxean bildu ziren Batzarra egiteko, eta bazkaria Herriko Ostatuan egin zuten.