Urrezko aizkorako saioa izanen da igande eguerdian Sunbillan

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 11

Kategoria nagusiko hiru kanporaketa jokatuko dira

Igande honetan, apirilaren 13an, Urrezko Aizkolari txapelketako ETB-Kaiku sari nagusiko saioa jokatuko da Sunbillako udal pilotalekuan, eguerdiko 12etatik aitzinera. Zehazki, kategoria nagusiko hiru kanporaketa jokatuko dira eta guzietan berdintasun handia espero da.

Patxi Mindegia eta Felix Etxeberria, kanporaketa banatan

Lehenbizikoan, gipuzkoarren arteko lehian, Mutrikuko Fausto Mugerza beteranoa eta Legorretako Jesus Mari Lasa izanen dira aurrez aurre, pronostiko garbirik gabeko lehian. Bigarren norgehiagoka nafarren artekoa izanen da: Zubietako Patxi Mindegiak, Mikelen semeak, Daniel Vicente izanen du arerio. Mindegia jaun eta jabe izan da orain arte jokatu dituen hiru kanporaketetan, baina Daniel Vicente ere azkarra da. Adituen ustez Otsagabiakoa faboritoa da, baina Patxi Mindegiarekin kontu handia izan beharko du. Hirugarren eta azken kanporaketan, Sunbillako Felix Etxeberriak Luis Txapartegi gipuzkoarraren kontra jokatuko du. Teorian Aizarnakoak aukera gehiago ditu irabazteko, baina Felix Etxeberriak marka politak egin ditu aitzineko kanporaketetan eta momentuz ez du arazorik izan kontrarioei gailentzeko. Herritarren animoak ere izanen ditu igandean. Aizkolariak lau modalitate ezberdinetan lehiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun