Arkupeak erretiratuen elkarteak urtero Lourdesera egiten duen bidaia maiatzaren 1ean eginen du aurten. Bidai honetan parte hartu nahi duten eriek eta laguntzaileek heldu den asteartera arte, apirilaren 15a arte, izanen dute izen emateko epea.
Bidaiaren prezioa 30 euro, eriek doan
Autobusetan Lourdesera ailegatu eta gero, goizean Saint Joseph kaperan espreski Arkupeak elkarteko kideentzat emanen den meza adituko dute eta bazkalondoan, errosarioa errezatuko dute kapera berean. Arratsaldean, erien prozesioan parte hartu eta berriz ere etxe aldera bueltatuko dira Arkupeak elkarteko bazkideak. Bidaiaren prezioa 30 eurokoa da, baina eri daudenek ez dute ordaindu beharrik izanen.
Apirilaren 17an Kastejonera
Bertze aldetik, Arkupeak elkarteko kideek berriz ere Nafarroako Erribera bisitatzeko aukera izanen dute heldu den ortzegunean, apirilaren 17an. Zehazki, Kastejon aldera joanen dira. Ongi gosaldu ondotik, Kastejongo historia biltzen duen museo berria bisitatzeko aukera izanen dute. Alfaron, mudejar arkitektura ikusteko aukera izanen dute, baita zikoinen kabiak ere. Marques de Montecierzoko bodegako ardoak dastatzeko modua ere izanen dute eta gero, bazkaria eta dantzaldia izanen dute.