2007ko Errenta Aitorpenaren kanpaina apirilaren 18tik ekainaren 20ra eginen da

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 11

Internet bidez dagoeneko egiten ahal da

2007ko Errenta Aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 18tik ekainaren 20ra eginen da, nahiz eta Internet bitartez egiteko aukera ortzegunean, apirilaren 10ean zabaldu zen. Aipatzekoa da errenta aitorpena 16 egun goizago hasi dela aurten eta denbora gehiago iraunen duela. Honela, dirua itzultzera suertatzen zaienek leheango jasoko dute itzulpena. Ordaintzea suertatzen zaienentzako ordainketa egunak, aldiz, bere horretan mantenduko dira: uztailaren 2a eta azaroaren 20a.

Aitorpen proposamena etxera

Aste honetan, dagoeneko 165.411 etxebizitzetara aitorpen proposamenak igorri dira, 217.593 zergadunena. Beraz, aitzinetik prestatutako aitorpenen kopurua joan den urtean baino %5,7 handiagoa da. Hauetatik % 71ari dirua itzuliko zaie, guzira 62 milioi euro pasatuak. Banaz bertze, zergadun bakoitzari 528 euro itzuliko zaizkio. Aipatu bezala ortzegunetik, apirilaren 10etik, Internet bidez ere aurkez daiteke aitorpena, www.navarra.es web orriaren bitartez. Bide hau aukeratzen dutenei, zazpi egunez itzuliko zaie dirua.

Aitortu behar izateko guttieneko diru-sarrera kopurua igo da

2007an IRPFa jautsi denez, aitortu behar izateko guttieneko diru-sarrera kopurua igo egin da 2006 urtearekin konparatuz gero. Honela, urtean 9.700 euroko diru sarrera gordina gainditzen dutenek aitorpena egin beharko dute, lehen urtean 8.500 eurotik goitiko sarrerak zituztenek egin behar zuten bitartean. Honela, aurten bortz mila nafar guttiagok deklaratuko dute. Ondarearen gaineko zergari dagokionez, 300.506 euro baino gehiagoko ondare garbia dutenek aitorpena egin beharko dute.

Hiru aitorpenetik bitan dirua itzuli egiten da

Joan den urteko errenta aitorpen kanpainan 458.455 zergadunen 322.768 aitorpen aurkeztu ziren. Horietatik %93,1a modu automatikoan egin ziren eta %6,90 eskuz. 156.423 zergadunen etxeetara igorritako proposamenak izan ziren eta hauen %87ak bere horretan onartu egin zituen. Egindako aitorpenen bi herenak negatiboak izan ziren, hau da, Foru Ogasunak dirua itzuli egin zien zergadunei eta gainerakoek ordaindu behar izan zuten. Ordaindu behar izan zutenen artean, banaz bertze 1.729 euro ordaindu zuten eta dirua bueltan hartu zutenen artean, banaz bertzekoa 837 eurokoa izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun