Guztira 54 ikaslek ekin diote suhiltzaile boluntarioendako oinarrizko ikastaroari, Nafarroako Segurtasun Eskolan; ikastaro horren bidez larrialdietan beren borondatez esku-hartzeko gaitasuna eskuratuko dute. Suhiltzaile gai horiek gehienek laguntza lanak betetzen dituzte dagoeneko eta Nafarroan boluntarioez osatuta dauden zazpi parkeetatik bortz indartuko dituzte, zehazki Agoizkoa, Berakoa, Goizuetakoa, Leitzakoa eta Lesakakoa, Beraz, ttipi-ttapak hartzen duen eskualdeko lau suhiltzaile boluntarioen parkeak indartuko dira. Ikasle gehienak 25 urtetik 40 urtera bitartekoak dira, eta haietako bortz emakumezkoak dira, denak lesakarrak.
Boluntario diploma
Gaur egun, ia 140 pertsona daude prest Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Prebentzio, Su-Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuarekin lan egiteko, baina orain arte ez zuten denek boluntarioen diploma, eta mantentze-lanetan edo laguntzan baizik ez zuten aritzerik. Honelako azken ikastaroa duela lau bat urte egin zen. Berriz egiteak belaunaldiak berritzen laguntzen du eta aukera emanen dio agentziari 20 edo 25 boluntario edukitzeko parke bakoitzean.
56 orduko ikastaroa
Aste honetan hasi den oinarrizko ikastaroaren helburua da suhiltzaile lanak berezkoak dituen zereginetan bere borondatez parte hartu nahi duten langileei prestakuntza ematea. 56 ordu izanen dira, ezagutza teorikoei buruzkoak (zerbitzuaren antolaketa, araudia eta etika, prestakuntza psikologikoa eta laneko segurtasuna) eta teknikoenak (sua itzaltzea toki desberdinetan –basoan, etxe barrenean etab.-, ekipo edo salbamenduko materialak). Horrez gain, bi orduko simulakroa eginen da. Ikasleek azterketa bat ere egin beharko dute. Klaseak parkeak dauden herrietan emanen dira eta ekainaren 14an akautuko dira, eta diploma eskuratzeko nahitaezkoa da klaseetara joatea.
5.000 orduko eskuhartzeak iaz
Suhiltzaile boluntarioek 2007an egindako esku-hartzeek 5.000 ordu egin zituzten, bai suak itzaltzen (basokoak nahiz biziguneetakoak), galtzadak garbitzen edo pertsonak bilatzen, bai eta praktika eta simulakroetan ere. Izan ere, suhiltzaile boluntario guztiak beharturik daude urtean 60 orduko ariketa praktikoak egitera.