Seme-alabek Interneten egiten duten erabileraz kezkatuak daude gurasoak

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 10a

Hala dio Irache Kontsumitzaile Elkarteak egindako ikerketak

Irache Kontsumitzaile elkartearen aginduz Cies-ek egindako inkesta baten arabera, gurasoak gero eta kezkatuagoak daude beraien seme-alabek Interneten egiten duten erabileraz. Hain zuzen, inkestatutakoen %62a nahiko edo hagitz kezkatua dago, baina hirutik batek bakarrik hartzen du denbora edo erabilera kontrolatzeko neurriren bat. Kontrolatzeko neurririk erabiliena, haurrek Internet nabigatzen ematen duten denbora mugatzea da, baita kontsultatu dituzten orriak begiratzea eta filtroak ezartzea ere.

Seme-alabak gurasoak baino trebeago

Internetek zabalkunde handia izan du azken urteetan eta sarritan, seme-alabak gurasoak baino trebeagoak dira tresna hau erabilttzen. Horregatik galduak sentitzen dira eta ez dakite nora jo beraien seme-alabek Internetez egiten duten erabilera kontrolatzeko aholku bila. Irache kontsumitzaile elkarteak zenbait ildo eman ditu gure ttikienak Internet-en babesteko.

Filtroak

Honela, kontsumitzaile elkarteak dioenez, Interneten erabilera kontrolatzeko tresnarik egokiena filtroak dira. Programa hauek funtzionamendu ezberdina izaten dute: batzuk, irudi edo hitz jakin batzuk dituzten orrietara sarbidea blokeatzen dute. Bertze batzuk, gurasoek, zerbitzuaren hornitzaileak edo biek aitzinetik zehaztutako orrietara mugatzen dute sarbidea. Bertze programa batzuk bisitatu diren orriak, eta chat edo emailetako sokasaldiak monitorizatu eta jakinarazten dute eta badira Internetera sarbidea ordu zehatz batzuetara mugatzen dutenak ere. Programa hauetako batzuk doan eskura daitezke, baina gehienen prezioa 20 eta 50 eurokoa da. Aipagarrienak Cyber Patrol, Custodius Nanny, ChiBrow, IamBigBrother edo Net Nanny dira.

Internet-etik jausten diren artxiboen arriskua

Internet-etik, Emule edo Elephant bezalako programen bidez jausten diren artxiboak arriskutsuak izan daitezke, artxiboaren izena ez baitator beti bat artxiboaren edukiarekin. Honela, haurrek biolentzia edo sexu edukiak dituzten artxiboak jausten ahal dituzte beraiek jakin gabe. Gainera, artxibo hauek kutsatuak egon daitezke eta deskargatzerakoan ordenagailua infektatu dezakete.

Erabilera arauak adostu

Interneten badaude ttikienek sarea modu egokian erabiltzen ikasten joateko espezialduak dauden orriak. Batzutan, adinari egokitutako programak eskaintzen dituzte eta ttikienak Internet-en munduan jolasen bidez sartzeko modua eskaintzen dute: www.navegación-segura.es, www.laredytu.com, www.portaldelmenor.com eta abar. Dudarik ez, gure seme-alabak hezteko eta Internet-en erabilera egokia egin dezaten modurik onena, erabilera-arauak beraiekin adostea da. Konektatuak daudenean bakarrik ez utzi, Internet-i buruz solastu eta hartu behar dituzten segurtasun neurriei buruz aholkatu. Adibidez, datu pertsonalak inoiz ez dituztela eman behar aipatu behar zaie. Azken batean, baliabide berri honi buruz grue seme-alabak hezi, formatu eta informatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun