Baztan-Errekako 29. Laxoa txapelketa aste hondar honetan abiatuko da. Guzira hamabi talde ariko dira, asteazken arratsaldean Doneztebeko Kasino elkartean emandako prentsaurrekoan Laxoa Elkarteak jakinarazi zuenez. Finala, abuztuaren 3an jokatuko da Donezteben.
Laxoa txapelketaz gain, urte osoko ekitaldiak
Aurkezpen ekitaldian honako hauek parte hartu zuten: Laxoa elkartetik Tiburtzio Arraztoak eta Patxiku Ganboak, Patxi Olazar Kasino elkarteko presidenteak eta Jabier Bariain Nafarroako Federazioko Kirol Zuzendariak. Tiburtzio Arraztoak aipatu zuen garai honetan ohitura den bezala, Baztan-Errekako laxoa txapelketaren hasierarekin laxoa denboraldia abiatzen dela. Urte guzian zehar ekintzak garatzen dituztela erran zuen. Honela, asteburu honetan abiatu eta abuztuaren 3a bitarte laxoa txapelketa jokatuko da, abuztuan Iparraldeko Laxoa torneoan parte hartuko du eskualdeko talderen batek Ziburun, irailetik urriea gazte eta gaztetxoen Baztan-Errekako laxoa txapelketa jokatuko da, Nafarroako Kirol Jolasen barrenean eta 2008ko azarotik 2009ko martxora hamargarren paxaka txapelketa jokatuko da. Laxoa eta paxakako erakusketa partidak ere jokatuko dira.
Arraioz eta Hondarribia plazarik gabe
Ondotik, Patxiku Ganboak senior mailako txapelketaren xehetasunak eman zituen. Iaz bezala, hamabi taldek hartuko dute parte, Doneztebeko 4, Iruritako 3, Oitz eta Arraiozko bina eta Hondarribia. Lehenbiziko fasean bi multzotan banatuko dira eta multzo bakoitzeko lehenbiziko lau sailkatuek final laurdenak jokatuko dituzte ekainaren 29an, uztailaren 6an edo uztailaren 13an, irabazleek finalaurrekoak uztailaren 20, 25 edo 27an eta finala Donezteben jokatuko da abuztuaren 3an, nahiz eta berez aurten Arraiozen tokatu. Kontua da Arraiozko plazaren ondoan zenbait lan egiten ari direla eta ez direla finalerako akituko. Arraiozek Elizondoko plazan jokatu beharko ditu etxeko partidak. Hondarribiak ere ezin izanen du bere plaza historikoan jokatu, ondoan dagoen harresia oraindik berritzen ari baitira.
Bertze proiektuak
Tiburtzio Arraztoak adierazi zuen Kasino, Federazioa eta Partzuergoarekin oso harreman ona duela elkarteak eta beste proiektu batzuk egon arren, urtean zehar argituzko dituztela. Dena den, aitzindu zuen udarako Partzuergoarekin proiektu batzuk dituztela. Aldi berean, Nafarroako Kutxari bere esker ona ere agertu zion eta urtero bezala “Zuk erabaki, zuk aukeratu” egitasmoarekin segitzen dutela.