Baigorriko Nafarroaren Egunak 30 urte beteko ditu aurten

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 9a

Basaizea elkarteak eta Baigorriko Gaiteroek antolaturik, apirilaren azkeneko igandean ospatuko da

Baigorriko Nafarroaren Egunak, alegia, mugaz bi aldeetako nafarren arteko anaitasun festak, 30 urte beteko ditu apirilaren azkeneko igandean ospatuko den aurtengo edizioarekin. Urtero bezala, aitzinetik kulturaldia eginen da larunbatean, apirilaren 12an hasita, eta apirilaren 27ra arte hainbat ekitaldi eta jarduera burutuko dira euskal kulturari lotuta. Kultur astea kulturaldia bihurtu zen duela zenbait urte, eta ekitaldi guztiak astebetez egiteko ordez, hiru asteburuz iragaiten dira.

Kulturaldia 2008

Aipatu ekitaldi horien antolatzaileak Basaizea Kultur Batasuna eta Baigorriko Gaiteroak dira, eta haien helburua da mugaz bi aldeetako nafarren harremanak bultzatzea eta nafar guztiak batzen dituzten lokarri kultural eta historikoetan sakontzea, garrantzi berezia emanez euskararen erabilera eta hedapenari. Helburu horiekin, heldu den larunbatetik apirilaren azkeneko igandera arte Kulturaldia 2008 eginen da eta egun horietan zehar dantza ikusgarriak, herri kiroletako saioak, mintzaldi-eztabaidak, musika-kantu-bideo-antzerki ikuskizunak eta abar ikusteko parada izanen da Baigorrin.

Mihimena eta Oskorri

Aurtengo egitarauan bi ekitaldi nabarmentzen dira bereziki: Mihimena, Arrola dantza taldearen ikusgarri berria, eta Oskorri taldearen kontzertua Berriozarko Bandarekin. Dantza taldeak mahastigintza eta euskal dantza uztartu eta ikuskizun bitxia osatu du, Baigorrin estreinatuko dena, apirilaren 12 eta 13an. Ikuskizunean mugaz bi aldeetako nafar musikari eta dantzariek kolaboratzen dute.

Nafarroaren Eguneko egitaraua

Aurreko edizioetan bezalaxe, Nafarroaren Egunaren festak bukaera emanen die Kulturaldia 2008ko ekitaldiei. Festa honen programa igandean, apirilak 27, goizeko 11.00etan hasiko da. Kalejira izanen da eta bertan parte hartuko dute Nafarroa Garaiko eta Baxenafarreko dantza taldeek, ziganteek eta txarangek. Eguerdian, Baigorriko Elizaren ondoan, Iparraldeko 4 bertsolari gazte arituko dira, Hiriart, Hiribarren, Mateo eta Erremundegi, eta haien ondotik erraldoiek eta dantza taldeek goizeko ikuskizuna osatuko dute. Ekitaldi hau amaitzeko larrain dantza eginen da. Herri bazkaria egin eta gero, festak arratsaldean zehar jarraituko du herriko plazan hainbat ekitaldirekin.

Basaizearen webgune berria

Aipatu egitaraua eta hainbat argibide Baigorriko eskualdeari buruz kontsultatzen ahal dira Basaizea kultur batasunaren webgune berrian (www.basaizea.com). Bertan ere Arrola dantza taldeak prestatutako ikuskizunaren informazioa eta bideoak ikusten ahal dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun