Amuarrainak arrantzatzea debekatu duten sasoi honetan, Nafarroako Gobernuak azken urteotan birpopulazioan egin duen beherakadaren berri eman da. Ingurumen Departamentuak milioika amuarrain arraultza eta amuarrain ttikirekin birpopulatzen zuen Bidasoa Ibaia garai batean. Baina ez da horrela izan azken urteetan. Bortz urtetan, 1995etik 1999ra, ez zuen batere birpopulatu Bidasoa. Hurrengo urteetan ere aunitzik ez. 2000. urtean, 2001ean eta 2003an ez zen arraultzarik isuri Bidasoara; 2000. urtean, 2001ean, 2004an eta 2007an 1.816 amuarrain heldurekin baino ez zen birpopulatu. 1993tik 2007ra bitartean, 15 urtetan, guztira 1.923.272 arraultza bota ziren Bidasoara, 552.277 amuarrain ttiki eta 1.816 heldu.
Oronoz.Mugairiko arrainak bertze ibaietara
NaBai taldeko Jose Angel Agirrebengoak (EAJ-PNV) parlamentuan egindako galderari erantzunez eman zuen Ingurumen Departamentuak birpopulazioari buruzko txostenaren berri. Txostenean bi datu aipagarri daude. Batetik, ehiza eta arrantza elkarteek amuarrain kopurua nabarmen jaisten ari zela ohartarazi arren, birpopulazioak beherantz egin duela. Bertzetik, berriz, Oronoz- Mugairiko arrain-haztegiko kumeak Nafarroako bertze ibaiak birpopulatzeko erabili direla, eta ez Bidasoa. 15 urtetan Bidasoara isuri ziren 1.923.272 arraultzetatik 1.182.298 urte bakarrean bota ziren, 1993an. Gainerako 740.974ak 14 urtetan. Aipatzekoa da, 1993an eta 1994an bota ziren arraultza eta amuarrain ttikiak Europa erdialdekoak zirela, Erronkari eta Anotzeko haztegietan haziak. Azken lau urteotan berriro birpopulatzeari ekin diote, baina oraindik orain maila apalean.
Izokinak obra artean
Izokinak arrantzatzea ez dago debekatua Bidasoan, nahiz eta Naza deritzon lekuan, Bera eta Endarlatza artean, galarazia egon. Gainerakoan, N-121Ako obren artean arrantzatzea tokatu zaie arrantzaleei. Noizean behin izaten diren leherketak direla-eta, zenbaitetan galarazi egiten diete arrantzatzea, eta bertzela, berriz, arrantzale bakoitzak 20 minutuko tartea du ibai bazterrean egoteko.