Ander Erasunek 52 minutuan moztu ditu 20 kanaerdikoak

Artxibokoa 2008ko apirilaren 7a

Ander Erasunek sasoi betean dagoela erakutsi zuen igandean Donezteben. TTIPI TTAPA

Marka ederra egin du Donezteben 17 urteko aizkolari aurtiztarrak

Ander Erasunek marka bikaina egin zuen igande eguerdian Donezteko pilotalekuan. Aurtizko aizkolariak 17 urte ditu, eta atzo adin horretako marka ezarri nahi izan zuen hogei kana-erdiko moztuta, eta lortu ere lortu zuen. Miel Mindegia eta Lorentzo Apezetxea alboan zituela erakusle, 52 minutu eta 49 segundo behar izan zituen lanak burutzeko, denbora bikaina egin zuen beraz. Izan ere, aitzinetik ordubete inguru beharko zuela pentsatzen zuten aunitzek. Egia da eramandako enborrak onak eta gozoak izan zirela, baina orain arte 17 urterekin inork egin ez duena egin zuen. Orain dela hilabete desafio bat bota zuen, baina inork ez zion erantzun, eta marka egiteko erabakia hartu zuen. Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen, eta 400 ikusle inguru bildu ziren Doneztebeko pilotalekuan. Jaialdian bere saioa bakarrik izan arren, jendeak ederki gozatu zuen.

Urrezko Aizkora

Ezustekorik gabe akautu dira Urrezko Aizkorako hirugarren kanporaketak. Patxi Mindegia, Atutxa II.a, Lasa eta Felix Etxeberria ziren irabazteko faboritoak, eta laurek egin zuten aitzinera. Larunbat gauean Zegaman jokatu ziren lehen bi kanporaketak. Patxi Mindegiak, Mielen semeak, ongi menderatu zuen Iñaki Aierbe. Zubietakoak jokatu beharreko hiru saioetan nagusi izan da, eta aurtengo txapelketako hirugarren kanporaketa ere gainditu du. Lan guztiak akitzeko, 7 minutu eta 22 minutu behar izan zituen, eta Aierbek, berriz, 8 minutu eta 20 segundotan burutu zituen egin beharrekoak. Aitzol Atutxa eta Aitor Senosianen artekoan erraz nagusitu zen Bizkaiko txapelduna. Igandean Zumaian jokatu zituzten berze bi kanporaketak, eta han ere ez zen izan inongo ezusterik. Lasak Kañamares menderatu zuen. Bertze neurketan, Sunbillan sortu eta Zigan bizi den Felix Etxeberriak ez zuen hutsik egin Zubiagaren kontra, eta garaipena lortu zuen. Lehen lanean galdu egin zuen, baina hurrengo hiruretan, aisa lortu zuen garaipena. Lanak 7 minutu eta 19 segundotan akautu zituen, eta Zubiagak, aldiz, 8 minutu eta 38 segundotan burutu zituen.

Laugarren kanporaketa

Laugarren kanporaketak datorren asteburuan jokatuko dira, eta nola izanen diren erabakita daude. Etxeberriak Txapartegiren aurka jokatu beharko du. Mindegiak Vicenterekin jokatu beharko du eta Atutxak Peñagarikanoren aurka jokatu behar zuen, baina Beizamakoak aizkora utzi egin duenez, aitzinera eginen du bizkaitarrak, eta Lasak Mugertzarekin jokatuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun