N-121A errepideak izanen dituen hamar zubietatik lehenbizikoa paratzen hasiak dira

Goizalde URDANPILLETA 2008ko apirilaren 7a

Larunbat gauean eta igande goizean egitura paratu zuten eta astelehenean zubia eraikitzeko lanean segitzen zuten. TTIPI TTAPA

Astelehen eta astearte eguerdian errepidea erabat moztuko da

N-121A errepidean egiten ari diren moldaketa lanen ondorioz, Igantzi eta Sunbilla artean erabat itxi dute errepidea asteburu honetan, apirilaren 5etik, larunbat gaueko 11etatik, apirilaren 6ra, igande goizeko 9etara. Denbora tarte horretan zubia eraikitzeko 110 metro luzerako egitura aurrefabrikatua montatu zuten Berrizaungo zentral inguruan. Zubi horrek garai bateko trenbidea, Bidasoa ibaia eta gaur egungo errepidea gaindituko ditu. Zubia akautzen den lekuan, Basataundiko tunela hasiko da, 450 metrokoa eta hortik Berrizaunera aterako da errepide berria. Honela, zubiaren lanak akautzen direnean, tunelekoak hasteko modua izanen da. Zubia eraikitzeko lanekin segitu dute astelehenean ere. Errepide berrian hamar zubi eginen dira eta Basataundiko hau izanen da eraikitzen lehena.

Astelehen eta astearte eguerdian itxia

Asteburuko izan da N-121A errepidean orain arte egin den mozketarik handiena. Dena den, aste honetan ere izanen dira gehiago Endarlatsa eta Bera artean. Astelehen eguerdiko 12etatik 14:00etara bi orduz itxia egon da eta asteartean, apirilaren 8an, ordutegi berean itxiko da, baina ordu laurden batez.

Txandakako pasabidea

Gainera, egunero bezala, hainbat zatitan txandakako pasabidea emanen da errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 7etara. Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun