Nafarroako Herri Kirol Jolasetako lehenengo jardunaldia jokatu zen igande goizean Larraintzarren. Nafarroako Kirol Institutuarekin batera antolatzen diren Kirol Jolas hauetan hiru mailako txapelketak jokatzen dira: kimu mailakoak, 11-12 urteko neska mutikoekin, haur mailakoak, 13 eta 14 urtekoak eta eta kadete mailakoak, 15 eta 16 urtekoak. Haur eta Kadete mailetan Proba Konbinatu txapelketa eta Soka-Tira txapelketa jokatzen dira. Kimu mailan berriz Proba Konbinatu txapelketa bakarrik.
Proba konbinatuak
Kimu mailako proba konbinatuan Berriozar A aisa nagusitu zen eta 6 minutu eta 47 segundu behar izan zituen proba egiteko. 20 segunduko aldea atera zion bigarren izan zen Ultzamari, baina hortik gibelera berdintasun handia izan zen. Hirugarrren Iñigo Aritza izan zen; laugarren Basaburua; bosgarren Andra Mari; seigarren Berriozar B; zazpigarren Arantza eta zortzigarren Igantzi. Hirugarren sailkatutik zortzigarrenera 16 segunduko aldea bertzerik ez zela kontuan hartuz, berdintasun handia dagoela ikusi zen. Haur mailako proba konbinatuan lan gehixeago zuten eta aldeak ere nabarmenagoak izan ziren. Andrea Mari izan zen lehenbizikoa, 8 minutu eta 23 segunduko denborarekin; bigarren Txantrea izan zen 20 segundura; hirugarren Sakana, 47 segundura; laugarren Basaburua, minutu eta 3 segundura; bosgarren Igantzi, minutu eta 13 segundura; seigarren Putterri, minutu eta 48 segundura; zazpigarren Berriozar, 2 minutu eta 11 segundura eta zortzigarren Ultzama, 2 minutu eta 14 segundura. Kadete mailako proba konbinatuan lehia estua izan zuten Basaburua, Berriozar eta Ultzamak. Azkenean, baztandarrak nagusitu ziren, 10 minutu eta 12 segunduko denborarekin. Bigarren Berriozar izan zen, lau segundu eskasera eta hirugarren Ultzama 13 segundura. Laugarren postua Txantrearentzat izan zen, Basaburuatik 54 segundura, bosgarren Andra Mari, minutu eta 13 segundura eta seigarren Arantza, 2 minutu eta 14 segundura.
Sokatira
Sokatiran, haur mailan bi multzotan banatuak daude partehartzaileak. A multzoan, elkarren arteko tiraldi bana galdu, bertzea irabazi eta bertze gainerako guziak irabazi zituzten Andra Mari eta Basaburuak eta hiruna puntu terdi eskuratu zituzten. Sakanak Berriozarri bakarrik irabazi zion eta Berriozarrek tiraldi guziak galdu zituen. Bertze multzoan Txantrea nagusitu zen. Putterri eta Igantziren aitzinetik. Kadete mailako A multzoan, Basaburuak irabazi zituen tiraldi guziak, Andra Mari izan zen bigarren eta Andra Mari hirugarren. B multzoan, Txantrea nagusitu zen, Iñigo Aritza eta Berriozarren aitzinetik.
Heldu den igandean Berroetan
Bigarren jardunaldia heldu den igandean, apirilak 13, jokatuko da Berroetan goizeko 11:00etatik aiitzinera. Euria eginen balu, Iruritako frontoian eginen litzake proba. Hirugarren prob, berriz, Arantzan eginen da apirilaren 20an.