Eskualde bakoitzaren etorkizuna gazteengan dagoela iritzita, Agenda 21 egitasmoaren barrenean gazteei inkestak egin dizkiete Terra-Prometeako kideek. Malerrekan eta Mendialdean (honen barne daude Arano, Areso, Goizueta eta Leitza) 12 eta 20 urte bitartekoetan 74 eta 183 inkesta egin dira, hurrenez hurren. Bi kasuetan langabezia da etorkizunera begira gazteak gehien kezkatzen dituen gaia. Ondotik datoz etxebizitza Mendialdean eta norbere egoera ekonomikoa Malerrekan.
Leitzaldean
Mendialdean egin diren 183 inkestetatik 145 Leitzaldean egin dira: Aranon 1, Areson 10, Goizuetan 24 eta Leitzan 110. Gehienak, %94, 6, gustura bizi dira euren herrian eta etorkizunera begira ere, %77,6k herrian edo Mendialdean bizi nahiko luke. Hortik haratago, guttien gustatzen zaizkien alorrak ere zehaztu dituzte inkestan, eta Aranon erantzunik jaso ez bada ere, Areson txutxumutxuak dira inkestatutakoen %20k batere gustuko ez dituenak. Goizuetan, berriz, %16,7rentzat errepideak eta komunikazio txarra dira euren herritik guttien gustatzen zaiena. Azkenik, Leitzan, eskola da herritik guttien gustatzen zaiena, %20ri. Kezka nagusi batzuk ere badituzte gazteek eta gehienentzat langabezia eta lana dira horiek, %12,9k hala uste baitu. Etxebizitza ere arazotzat ikusten du %11,4k eta drogak %9,7k. Orokorrean faltan botatzen dituzten hiru gauzak hauek dira herriz herri Leitzaldean: Aranon frontoi estalia, igerilekua eta kiroldegia; Areson gazteak biltzeko tokia, aisialdirako gauzak, frontoia, kiroldegia eta zerbitzuak; Goizuetan, kirol instalazioak, gazteentzako lokalak eta komunikazioa; Leitzan igerileku estali bat nahiko lukete, eta horrez gain, gazteentzako jarduerak eta ekitaldiak eta aisialdirako lekuak. Azkenik, erran, garapen jasangarria edo iraunkorra eta Tokiko Agenda 21 ezagutzen dutenak %28,4 baino ez direla. %69,9k ez daki zer diren.
Malerrekan
Malerrekako 74 gazte inkestatu dira: Beintza Labaien 4, Bertizaranan 4, Donamarian 7, Donezteben 29, Elgorriagan 3, Eratsunen 3, Iturenen 10, Saldiasen 2, Sunbillan 5, Urrotzen 3 eta Zubietan 4. Horietatik %96a gustura bizi da norbere herrian, eta etorkizunera begira, %85,1ek, bederen, herrian edo Malerrekan bizi nahiko luke. Guttien gustatzen zaizkien kontuak, gazteek dituzten aisialdirako aukerak eta jarduerak dira. Hala dio inkestatutako gazteen %20,6k. Eskola eta institutuen egoera ere ez da inkestatutakoen gustukoa %19,1arentzat. Baina gazteen kezka nagusiak langabeziak eta lanak sortzen ditu. %15,7k hala ikusten du, eta ondotik dator norbere egoera ekonomikoa. %11,6k gazteek dirurik ez dutela uste du. Etxebizitza da hirugarren kezka nagusia, %8,8ko portzentajearekin. Faltan zein hiru gauza botatzen dituzten galdetuta, %15,1ak diskoteka baten beharra somatzen du, eta %8,9k gaztetxearen premia. Portzentaje berdinarekin, kirol instalazioak hobetzearen beharra ere antzeman dute. Garapen jasangarria edo iraungarria eta Tokiko Agenda 21eri buruz gazte jendeak duen ezagutza ere baxua da: %12,2k ezagutzen du eta %86,5k ez.