Nafarroan ehizarako lehenbiziko administrazio baimena eskuratzeko gaitasun proben 2008ko deialdia onetsi du Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak. Aurten, berritasun gisa, ehizari buruzko trebakuntza ikastaroa egin beharko dute, nahitaez, ehiztari-gaiek. Ikastaroa azterketaren aitzinetik eginen dute, eta bortz orduko iraupena izanen du. Eskaerak egiteko epea apirilaren 18an akautuko da, eta izena Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren Erregistroan eman beharko da (Armadaren hiribidea, 2.a. 31002, Iruñea). Honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira: nortasun agiriaren fotokopia; probetan parte hartzeko eskabidea, ereduaren araberakoa; eta azterketaren tasaren ordainagiria, 12 euro. Azkeneko bi dokumentuak Ehiza eta Arrantza Atalean eskuratu daitezke (Yanguas eta Miranda kaleko 27.a, 1. solairua. Iruñea).
Onartuen zerrenda
Apirilaren 25etik aitzinera onartuen zerrenda argitaratuko du Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak. Zerrenda horretan, trebakuntza ikastaroa egiteko ehiztari-gai bakoitzari dagokion lekua, eguna eta ordua adieraziko dute, eta baita azterketa lehenengo deialdian egiteko lekua, eguna eta ordua ere. Zerrenda Nafarroako Gobernuko iragarkien taulan (Karlos III.aren hiribidea, 2.a. Iruñea) eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren Erregistroan (Armadaren hiribidea, 2.a. 31002, Iruñea) jarriko dute. Era berean, Nafarroako Gobernuko web orrian ere egonen da (Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren webgunean).
Trebakuntza ikastaroa
Azterketa egin ahal izateko derrigorrezko trebakuntza ikastaroa maiatzaren 9, 10, 16 eta 17an emanen dute. Izena eman duten ehiztari-gaiek egun bakarrean egin beharko dute ikastaroa, onartuen zerrendan adierazita dagoen lekuan, egunean eta orduan, eta nortasun agiria, papera eta boligrafoa eramen beharko dituzte. Lehenengo deialdiko azterketak maiatzaren 31n edo ekainaren 1ean eginen dira. Lehenengo deialdiko azterketara aurkezten ez direnek, edo probak gainditzen ez dituztenek, bigarren deialdiko azterketa egiteko aukera izanen dute. Bigarren deialdiko onartuen zerrenda ekainaren 9tik aitzinera argitaratuko dute, eta bertan adierazita egonen dira azterketa bigarren deialdian egiteko lekua, eguna eta ordua. Bigarren deialdiko azterketak ekainaren 21ean edo 22an eginen dira. Bi deialdietan nortasun agiria, boligrafoa eta trebakuntza ikastaroa egin izanaren ziurtagiria eraman beharko dituzte ehiztari-gaiek, ziurtagiririk gabe ez dute azterketa egiterik izanen. Azterketako galderak "Manual preparatorio del examen del cazador en Navarra 2008" delakotik aukeratuko dituzte. Eskuliburua Ehiza eta Arrantza Atalean eta Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsean, Iruñeko Navas de Tolosa karrikako 21ean eros daiteke, 10 euroren truke.