Aurten lehenbiziko aldiz eginen da Nafarroako ibilbide luzeko zirkuitoa. Guztira Nafarroa osoan eginen diren zazpi mendi itzulik osatuko dute zirkuitu hori eta tartean daude eskualdeko hiru: Arantzako Mendi Itzulia, Baztango Mendi Ibilaldia eta Lesakako Mendi Itzulia. Horiekin batera, Altsasuko Mendi Ibilaldia, Amezkoako Martxa, Sakanako Ibilaldi Handia eta Alaizko Ibilaldia eginen dira. Zirkuitoa mendi ibilaldi horien antolatzaileen ekimena da, baina aipatzekoa da, Agerra eta Tuturre Mendi Taldeak ere antolatzaileen artean daudela. Berako eta Aralarko Mendi Ibiladiak iaz egin ziren eta bi urtetik behin egiten direlako aurten ez dira zirkuituaren parte izanen. Nafarroako Federazioa ere ekimen honen aitzindarien artean dago. Edizio berritzaile honetan ez da sailkapenik jasoko, hasiera batean, egitasmoa nola joaten den ikusi nahi baitute antolatzaileek. Balorazioaren ondotik erabakiko dute nola segitu hurrengo aldietan. Ekimena martxoaren 12an aurkeztu zuten.
Igandean hasiera
Altsasuko Mendi Ibilaldiarekin hasiko da zirkuitua. Igande honetan, apirilaren 6an, izanen da eta 42 kilometroko luzera eta 2.100 metroko desnibela izanen ditu. Amezkoako III. Martxak emanen dio segida zirkuituari. Apirilaren 13an Eulaten eginen da eta 43 kilometro luze izanen ditu. Desnibel ttikiena izanen duen itzulia izanen da Eulatekoa, 930 metro. Hirugarren itzulia Sakanako XIX. Ibilaldi Handia izanen da. Irurtzunen eginen da eta bi eratako itzuliak egiten ahal izanen dira. Luzeenak 54 kilometro izanen ditu eta 2.800 metroko desnibela; laburrak, berriz, 46 kilometro izanen ditu eta 2.000 metroko desnibela. Alaizko IX. Ibilaldia Etxaguen eginen da maiatzaren 10ean, eta 39 kilometroko luzera eta 2.000 metroko desnibela izanen ditu.
Arantza, Baztan eta Lesakako Mendi Itzuliak
Bosgarren itzuliaren ailegatuko da zirkuitua eskualdera, Arantzako IV. Mendi Itzuliarekin. Maiatzaren 18an eginen da, 30 kilometro luze izanen ditu eta 1.100 metroko desnibela. Maiatzaren 25ean Baztango XV. Mendi Ibilaldia eginen da eta honek 35 kilometro izanen ditu. Lesakako XI. Mendi Itzulia, berriz, ekainaren 15ean eginen da eta hau izanen da zirkuituko azken proba. Hemen ere bi ibilbide izanen dituzte aukeran parte hartzaileek: luzeena 33 kilometrokoa (1.700 metroko desnibela) eta laburra 21 kilometrokoa (1.100 metroko desnibela).