Oiartzungo Ibargain flauta taldeak kontzertua eskainiko du igandean Zugarramurdiko Sorginen Museoan

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 3a

1.534 bisitari izan ditu Aste Santuan museo honek

Igande honetan, apirilaren 6an, Oiartzungo Ibargain Flauta Taldeak kontzertua eskainiko du Zugarramurdiko Sorginen Museoko Auditorioan, eguerdiko 12:30etan. Ibargain Flauta taldeak 1993an sortu zuen Oiartzunen Iñaki Gurrutxaga Azpiazu irakasleak eta gaur egun ere, bera da zuzendaria. Taldea 19 txirulek, pianoak eta akordeoiak osatzen dute. Partaide guziak, 11 eta 21 urte arteko ikasleak dira. 2004-2005 ikasturtean hogei emanaldi baino gehiago eskaini zituen eta garrantzitsuena Pariseko Disneyland parkekoa izan zen, Disney Magic Music Days kontzertu zikloaren barnean. Izan ere, mundu osoko taldeen arteko aukeraketa gogor bat pasatu behar izan zuen Oiartzungo taldeak han jotzeko. Gainera, dagoeneko lau diska karrikaratu ditu taldeak: lehenengoan musika klasikoa eta euskalduna bildu zuten; bigarrenean Eguberrietako musika; hirugarrenean pelikulen musika eta laugarrenean tangoak, valsak eta milongak bildu zituzten. Bosgarren diska ere prestatzen ari dira, 1960. hamarkadako musika bilduko duena. Joan den urteko Alemanian bi kontzertu eskaini zituen Oiartzungo Ibargain flauta taldeak eta aurtengo Aste Santuan bertze bi Italian, Zugarramurdira etorri aitzin.

Bisitari ugari Sorginen Museoan, guttiago lezeetan

Aipatzekoa da, pasa berri den Aste Santuan 1.534 bisitari izan dituela Urdazubiko Sorginen Museoak. Kopuru haun, besta egunetan eta Pazko Astean eman da. Aipatzekoa da bisitari kopuru handiena Ortziral Santuan izan zela, 374 lagunekin. Gainera, joan den urteko uztailaren 20an museoa ireki zenetik horixe izan da egun bakarrean museoak hartu duen bisitari kopururik handiena. Ortzegun Santuan 309 bisitari izan ziren eta larunbatean 288. Aldiz, Zugarramurdiko lezeetan bisitari guttiago izan da aurten Aste Santuan, eguraldi euritsuarengatik seguruenik. Kontuak kontu, 2007an baino %44 bisitari guttiago hartu ditu lezeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun