Martxo hondarrean 630 langabetu zeuden eskualdean

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 3a

Otsailean baino 60 lagun guttiagok eman dute izena Doneztebeko bulegoan

Otsailean hartutako joera indartu eta langabeziak nabarmen beheiti egin du eskualdean martxoan. Estatu osoko komunitate autonomoen artean, langabeziaren bigarren beherakadarik handiena izan da Nafarroakoa martxan, %4 jautsi baita. Eskualdeka, berriz, Nafarroaren barnean Doneztebeko bulegoa da jautsiera handiena izan duena, otsailean baino %8,70 langabetu guttiago baitaude.

630 langabetu

Zehazki, martxo hondarrean 630 langabetu ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emana zutenak, otsail hondarrean baino 60 guttiago. Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 421 kontratu gauzatu ziren martxoan, baina horietatik 63 bakarrik izan ziren mugagabeko kontratuak.

Adinaren eta sexuaren arabera

Adina eta sexuari dagokionez, ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak, baina halere adin-tarte horretan jautsi da gehien langabetu kopurua. 25 urtez goitiko 352 emakume daude langabezian eskualdean, otsailean baino 48 guttiago. 25 urtetik goitiko 212 gizaseme daude lanik gabe, aitzineko hilabetean baino 7 guttiago. 25 urtez beheitikoen artean, emakume langabetuen kopurua mantendu egin da martxoan, 36, eta gizonen artean otsailean baino 5 langabetu guttiago daude, 30.

Zerbitzu eta industria arloan langabezia beheiti, bertze sektoretan goiti

Lan arloei dagokienez, zerbitzu eta industria arloan jautsi da langabezia, baina zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien biltzen, 400 langabeturekin. Halere, otsailean baino 57 langabetu guttiago ditu zerbitzuen arlo honek. Industrian 149 langabetu daude, otsailean baino 8 guttiago. Bertze lan arlotan, aldiz, zerbait goiti egin du langabeziak. Eraikuntzan, otsailean bezalaxe, goiti egin du langabeziak eta 48 langabetu daude, otsailean baino 2 gehiago; nekazaritzan ere goiti egin du langabetu kopuruak, 12, otsailean baino 2 gehiago eta aitzinetik lanik topatu ez duten 21 lagun daude lanik gabe eskualdean, otsailean baino 1 gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun