Hatsaren Poesia Eguna ospatuko dute igandean Senperen

Aitor AROTZENA 2008ko apirilaren 3a

Auxrin Zamorak, Hatsa elkarteko kidea, 2008ko Hatsaren Poesia olerki bilduma liburuarekin. TTIPI TTAPA

Hamargarren edizioa beteko du aurten

Hatsa Elkartearen ekimenez, Hatsaren Poesia Eguna eginen da igandean Senperen. Hamargarren edizioa du hau eta hala, iragan 10 urteotan Euskal Herri osotik hurbildu zaizkion 230 olerkari eta olerki tailerretan parte hartu duten 780 haur eta gaztetxo omenduko ditu, guztien artean idatzitako 2.350 olerki goraipatuz. Oxtikenean, eguerdiko 12:00etan emanen zaio hasiera egunari, olerkarien azken poesia bilduma aurkeztuz. 13:30ak aldera Amotz auzoko Larraldean olerki bilduma idatzi dutenen artean zikiro jatea eginen da eta arratsaldeko 16:00etan leku berean “Barneko burbuilak” ikuskizun poetikoa eskainiko da. Ondotik, berriz, olerkiak irakurriko dira.

«Itsasoan irekitako atea»

Eguneko egitarauaren berri, ez ezik, Hatsa elkartearen eta elkarte honen ekimenez eskolaz eskola egiten diren olerki tailerren berri jakiteko, Auxtin Zamorarekin izan gara. Hatsa elkarteko kideak aipatu digunez, “40 olerkarirekin hasi ginen eta 10 urteotan 230 olerkarik parte hartu dute”. Izan ere, Auxtinentzat poesia “itsaso aitzinean irekitako ate bat da. Ate hortarik pasatu egin behar da eta pausu hori emanda denak murgildu gaitezke poesian”. Auxtin Zamorak Senperetik abiatu eta Etxalar, Igantzi eta Arantzan olerki tailerrak eman ditu. Neska-mutikoek harrera ona egiten diote poesiari, “bere munduan daudelako, gu baino gehiago. Haurren poesia helduena baino frexkoagoa da. Beharbada ez dute ongi menperatzen errateko edo idazteko manerak, oraino ikasi ez dutelako, baina horretarako gaude. Baina sorkuntza aldetik, haurrak aberatsagoak dira”. Internet-ekin idazteko eta arima biluzteko erraztasun gehiago dagoela uste du Hatsa elkarteko kideak, “libertate handiagoa da idazteko, baina gero konkretuki ez dira inon agertzen, birtualak dira, eta ez dira liburu batean biltzen, hori du eskas”.

Hatsaren Poesia bilduma

Urtero urtero Euskal Herriko poeten olerkiekin liburua karrikaratu dute eta igandeko Hatsaren Poesiaren Egunean banatuko dute hamargarrena. Ehun bat poeten banakako olerkiak eta bertze 120 bat lagunek taldeka egindakoak bildu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun