Farmazialari Euskaldunen Elkarteak Etxalarren eginen du urteko batzarra igandean

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 2a

Aitzinetik, Urdazubi bisitatuko dute

Farmazialari Euskaldunen Elkarteak, FEUSEk, Elkartearen hamahirugarren Batzar Orokorra eta urteroko besta eguna eginen ditu igande honetan, apirilaren 6an, Urdazubin eta Etxalarren.

Urdazubi bisitatu ondotik batzarra Etxalarren

Batzar Orokorra Etxalarko Kultur Etxean eginen dute eta bazkaria ere Etxalarko Herriko Ostatuan eginen dute. Batzarra egin baino lehen, ordea, Urdazubin izanen dute hitzordua, Ikaburuako lezeak, Salbatore Monastegia eta errota bisitatuko baitituzte igande goizean. Goizeko 11etan punttuan izanen dute hitzordua, lezean bisita gidatua egiteko. Ondotik, IX. Mendeko monastegia bisitatu eta segidan, 1713. urtean eraiki zen eta oraindik lanean ikusteko aukera eskaintzen duen errota ikusiko dute. Bertzetik, Farmazialari Euskaldunen Elkarteak azpimarratzen duenez, “euskal kulturari dagokionez, balore handiko gizon bat munduratu zen Urdazubin: Pedro Agerre ‘Axular’, Euskal Letren Printzea izendatua. Bere sortetxearen izena Axular da eta zutik segitzen du oraino”. Urdazubi utzi eta Etxalarrera joanen dira. Ordubat eta erdietan, Feuseren hamahirugarren batzar orokorra eginen dute Kultur Etxean. Ordubete beranduago Herriko Ostatuan bazkalduko dute.

Maiatzaren 6an Urnietatik Aranora mendi ateraldia

Igandeko batzarra ez da hurrengo asteetan Farmazialari Euskaldunen Elkarteak eskualdearekin izanen duen harreman bakarra. Izan ere, maiatzaren 6an, Urnietatik Aranora mendi ateraldia antolatu baitute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun