Nafarroako industria lurrak kudeatzen eta sustatzen dituen Nasuinsa enpresa (Navarra de Suelo Industrial) Baztan-Bidasoa aldean industrialdea eraikitzeko lur bila dabil. Duela gutti eskualdeko enpresariak eta Miguel San Miguel Doneztebeko alkatea Jose Maria Roig Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilariarekin bildu ziren, eta Baztan-Bidasoaren garapena bultzatze aldera, industrialdearen beharra azpimarratu zuten. Horretarako eskualdearen orografia kontuan hartzeko eskatu zioten Gobernuari. Orografia oztopoa omen da inguruan industrialdea eraikitzerakoan. Izan ere, Nasuinsak industrialdeak eraikitzeko guttieneko baldintza batzuk exijitzen ditu eta horien artean 100.000 metro koadro baino gehiagoko lur eremuak behar direla da. Aitzitik, Baztan-Bidasoa mendi eta errekek mugatzen dute. Arazo horri aitzin egitea da orain helburua, etorkizunera begira industrialde berria eraiki nahi baita.