Malerrekako Gazte Eguna eginen da larunbatean Donamarian

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 2a

Bertso bazkaria eta arratseko kontzertuak izanen dira ekitaldi nagusiak

Malerrekako Gazte Asanbladak antolatuta, Gazte Eguna eginen da Donamarian larunbatean, apirilak 5. Goizean goizetik hasita hainbat ekitaldi izanen dira: Goizeko 11etan Abiadura Handiko Trenari buruzko hitzaldia izanen da eta 12:30ean herri kirolak. Eguerdiko 14:30ean bazkaria izanen da Xabier Silveira, Alazne Untxalo eta Iker Gorosterrazu bertsolariekin. Sarrerak Doneztebeko Ekaitza ostatuan salgai daude, 15 eurotan. Arratsaldeko 18:30ean Batukada eginen da Gaztetxearen alde eta arratsaldeko 20:00etan txalaparta joaldia.

Kontzertuak

Arratseko 21:00etan, Malerrekako Gazte Eguneko ekitaldirik handiena hasiko da, kontzertuak, hain zuzen ere: Erru gabe, Kalapite, Borrokan, Banda Batxoki, Titadine eta Kaskezur taldeen doinuak aditzeko aukera izanen da eta gaua luzae joanen da, dudarik gabe. Kontzerturako sarrerak salgai daude 8 eurotan ostatu hauetan: Donamariako ostatuan, Doneztebeko Ekaitzan, Elizondoko Intzan, Leitzako Torrean, Lesakako Arranon eta Berako Katakun.

Kinto bestak apirilaren 19an

Malerrekako kontuekin segituz eta gazte eta dagoeneko hain gazte ez direnak aipatuz, urteroko ohiturari hutsik egin gabe, kinto bestak eginen dira aurten ere Malerrekan. 1970 eta1990 urteen artean sortutakoek heldu den apirilaren 19an Donezteben kinto bestak izanen dituzte. Horretarako aitzinetik izena eman beharko da, eta horretarako Titi ostatura jo edo bertzela, 639 928363 telefonora deitu beharko dute interesatuek eta Nekaneri galdetu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun