Heldu den igandean, apirilak 6, hasiera emanen zaio Nafarroako Herri Kirol Jolas Txapelketari. Igandeko jardunaldia lehenegoa izanen da eta Larraintzarko frontoian jokatuko da goizeko 11:00etatik aitzinera. Herri kirol Jolas hauek maiatzaren 4a arte eginen dira, guztira 4 jardunaldi eta finala jokatuko direlarik: Larraintzarren, igandean eginen den jardunaldiaren ondotik, bigarren jardunaldia Baztanen eginen da, Berroetan, apirilaren 13an, goizeko 11etan. Euria eginen balu Iruritan jokatuko litzateke. Hirugarren jardunaldia ere gure inguruan jokatuko da, Arantzako frontoian, apirilaren 20an, goizeko 11etan. Laugarren jardunaldia Sakana aldean eginen da, Etxarri Aranatz edo Arbizun, apirilaren 27an, goizeko 11etan eta finala, Txantrean, maiatzaren 4an goizeko 11etan, Ezkaba plazan. Euria eginen balu “Virgen del Camino” Institutuko frontoian jokatuko litzateke.
Hiru kategoria
Nafarroako Kirol Institutuarekin batera Nafarroako Herriko Kirol Federazioak urtero antolatzen dituen Herri Kirol Jolas hauetan hiru kategorietako neska-mutilak hartzen dute parte: kimu mailakoak, 11-12 urtekoak; haur mailakoak, 13-14 urtekoak, eta kadete mailakoak, 15-16 urtekoak. Taldeak mistoak izan ohi dira. Haur eta Kadete mailetan bi txapelketa egiten dira Soka-Tira eta Proba Konbinada, kozkor biltzea, zaku lasterketa, txinga-erute, korrika eta arpana biltzen dituena. Alebin mailako haurrek berriz Proba Konbinako Txapelketa bakarrik izanen dute eta, gaitera, arpana modalitatea ez da sartzen. Kategoría honetan eskualdeko hiru talde ariko dira: Baztango Basaburua, Igantzi eta Arantza. Hauekin batera, Berriozarrek hiru talde aterako ditu eta Ultzamak, Etxarri Aranazko Andra Marik eta Altsasuko Iñigo Aritzak bana. Haur mailako proba konbinatuan, Basaburua eta Igantzi ariko dira, Berriozar, Ultzama, Txantrea eta Etxarri Aranazko Andra Mari, Putterri eta Sakana taldeekin batera. Haur mailako sokatiran, Ultzama izan ezik talde berak ariko dira. Kadete mailako proba konbinatuan, Basaburua, Arantza, Berriozar, Ultzama, Andra Mari eta Txanrea ariko dira. Sokatiran, berriz, Arantza ez da ariko, bai ordea Altsasuko Iñigo Aritza.
Ander Erasunek marka ahalegina
Herri kirol kontuekin akautzeko, datorren igandean, apirilak 6, Ander Erasun aurtiztarra marka pertsonala egiten saiatuko da Doneztebeko eskolako frontoian, eguerdiko 12etatik aitzinera. 17 urterekin, 20 kanaerdiko enbor moztuko ditu ahalik eta azkarren. Proba Euskadiko Herri Kirol Federazioak kontrolatuko du.