Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak 454.070 euroko dirulaguntza eman du mendiak antolatzeko sei proiektu gauzatzeko datozen hiru urteetan. Proiektu hauek Nafarroako Baso-Planean sartuak daude eta basogintza metodo egokiak erabiltzea, oihaneko biodibertsitatea kontserbatzea eta oihaneko hidrografia-sarea hobetzea dira helburu nagusiak. Aipatu bezala, hiru urtez eginen da gastua, 251.451 euro aurten; 182.019 euro 2009an eta 20.600 euro 2010ean.
Beintza-Labaien, Urrotz, Oitz, Donamaria-Gaztelu eta Elkarrikoa alde batetik, Bidasoa-Berroaran eta Kokoriko bertzetik
Ttipi-ttapak hartzen duen eskualdeari dagokionez bi mendi antolaketa proiektu lagunduko dira. Alde batetik, Beintza-Labaien, Urrotz, Oitz, Donamaria-Gaztelu eta Elkarrikoako herri lurrak arautuko dira, 5.143 Hektarea guzira. Bertze aldetik, Bidasoa-Berroaran eta Kokoriko mendiak arautuko dira, 3.630 Hektarea guzira.
Baliabideak hobetu eta modu egokian aprobetxatu
Antolaketa honekin, basoek dituzten baliabideak hobetu eta modu egokian aprobetxatu nahi dira, bidenabarkoan, kontserbazio edo zientzia ikuspegitik interesgarriak izan daitezken lekuak identifikatuz. Bortz fasetan eginen da antolaketa: lehenik, lurraldearen administrazio eta geografia estatusa zehaztuko da; bigarren fasean, zein baso mota dauden zehaztuko da; hirugarrenean, baso hauen inbentario zehatza eginen litzateke; ondotik, egin den inbentario horren ondorioak atera eta horren arabera, mendirako helburuak zehazten dira eta azkenik, oihangintza eta baso-antolaketa lanen planifikazioa eginen da.
15 eta 21 hilabete arteko lanak
Mendi hauek hedadura handia dutenez eta lanen ezaugarriak direla eta, bi urtez segidan datuak hartu behar direnez, lanak 15 eta 21 hilabete artean eginen dira.