Ile diztiratsu eta zainduak nornahiren begiradak bereganatzen ditu normalki. Zenbaitetan ilea hondatu egiten da edo diztira galdu dezake, baina bere indarra berreskuratzea ez da ezinezkoa. Hainbat manera daude ileari diztira gehiago emateko.
Guztion ametsa da ile osasuntsu eta bizia edukitzea. Ile diztiratsu batek itxura atsegina emateaz gain, goizero-goizero ilea txukun paratzea errazten du.
Ileari diztira emanez, aurtengo udaberrian gehien nabarmenduko diren koloreak zein izanen diren galdetu dugu Doneztebeko Lilura ileapaindegian. Gutti batzuk omen dira kolore berriekin ausartzen direnak: “guttik segitzen dute moda, beti bada norbait ausartzen dena eta kolore ezberdinak gustuko dituena, baina gehienek, betiko koloreen aldeko apostua egiten dute”.
Elizondoko Kris ileapaindegian ere garai batean kolore biziak erabiliagoak zirela aitortu digute eta metxa edo ile-sortetan gorri indartsuak, laranja, morea eta abar hautatzen zituela jendeak. Orain, berriz, kolore naturalak dira nagusi, ile-sortekin kontraste haundiegirik egin gabe. Eta udaberri honetako orrazkera zein izanen ote den? “Melenak”, Berako Duue ileapaindegiaren hitzetan. “Era guzietako melenak ikusiko ditugu: boop estiloa (melena zuzenak), simetrikoak (gibeletik motzak eta aitzinetik luzeak)…”
Gizonezkoetan ere joerak gero eta adierazgarriagoak dira. Bakoitzari ongi doakion ile-mozketa, kolorea edo orrazkera zehaztea zaila da. Halere, ilea motza dutenengan ongi definitutako mozketak ikusiko ditugu; eta luzeagoa dutenengan melena zaindu eta basatiak. Hori bai, sorbaldatik aunitz beheitirago ez.