Dagoeneko, gure oinak janzteko proposamenez beteta daude erakusleiho guztiak. Udaberri-uda honetako oinetakoez ari gara, hemendik guttira soinean izanen ditugunak.
Emakumezkoetan joera zein izanen den galdetuta, Lesakako Txinelka zapatadendako Mertxek larru bernizatu edo txarolezko oinetakoak aipatu dizkigu. Larru bernizatuak ez dira modatik aunitz urruntzen, eta aurten ere ikusienen artean egonen dira. “Beltzak, zuriak, zuriak eta beltzak, edo urdin ilun kolorea dutenak”. Kolore horiexek gomendatu dizkigu Mertxek.
Eta nola ez, manoletinak! Batez ere, erosoak direlako bihurtu dira hain erabiliak eta uda honetan ere ez dira aparte geldituko. Takoidun oinetakoak aukeratzekotan, berriz, takoi lodi edo kuña modukoak nagusituko dira, eta aitzinaldea zabalik dutenak.
“Gizonezkoetan larruzko oinetako goxo eta guriak gailenduko dira”. Hala erran digu Berako Kalotxa zapatadendako Adelak. Sport Casual deritzon estiloa aunitz erabiliko omen da, bidaietan eta egun guztian erabiltzeko oinetako erosoak, hain zuzen. Adelaren arabera, “hori batez ere gazte jendeak erabiltzen du”.
Jantzietan, eta emakumezkoen oinetakoetan bezala, gizonezkoetan ere zuri eta beltzaren arteko konbinazioa nabarmendu digu koloreetan. Edozein kasutan, kolore lisoa ikusiko dugu, eta zuri eta beltzaz gain, beige argi eta ilunagoa izanen dira aukeran. “Ausartenak kolore metalizatua aukeratuko du”.
Gure inguruan zapata janzteko ohitura gutti dagoela argitu digu Adelak: “Hemen gazteek adin bat arte olanazko oinetakoak (lonak) eramaten dituzte, zapatarik ez. Ezkontzetarako erosten dira hemen zapatak”. Halere, momentu jakin horietarako diseinu atsegineko larruzko zapatak aurkituko dituzte gizonezkoek Kalotxan.
Doneztebeko Ostiz Etxean kirol oinetakoetan joera zein izanen den azaldu digute. Neguko estiloarekin bat eginen omen du, baina "zola hobearekin eta ehun transpiragarriekin". Koloreetan zuria eta beltza nabarmendu digute Ostiz Etxean ere, baina baita laranja eta berdea… ere. “kolore azidoak”.