Polainak, konjuntoak, pitxiak eta petoak dira aurtengo uda eta udaberriari begira, haur jaioberrientzako proposamen nagusiak. Umearentzat erosotasuna eta gurasoarentzat praktikotasuna ematen duten arropak dira, eta aukera ugaria denez, momentuaren arabera bat edo bertze aukeratu daiteke.
Saltoka, lasterka edo jostetan hasten direnerako umeentzako praktikotasuna eta erosotasuna da seme-alabentzat jantziak erostean gurasoek bilatzen dutena. Horrela azaldu digute Doneztebeko Ibarrola jantzidendan. Hala ere, “nesken kasuan batez ere, diseinuari eta koloreei ere aunitz begiratzen omen zaie. Helduen joerara gero eta gehiago hurbiltzen ari omen dira umeen arropak”.
Eta koloreak? Zilarra, zuria eta beltza.
Argi dago zuria eta beltzak garrantzi haundia izanen duela umeen jantzietan. Elizondoko Mari Carmen dendan hiru kolore nagusi aipatu dizkigu: “zilarra, zuria eta beltza”. Baina horrekin batera, “laranja, berdea, urdina eta arrosa“ ere gustuko dituzte Mari Carmenen, eta halako arropak eskuratzeko aukera eskaintzen du.
Irungo Mirentxu arropadendan neska eta mutikoen estiloen berri eman digute: “mutikoentzat lihozko jantzi aunitz ikusiko da, kirol estiloko kazadorak eta maho deritzon lepoaldea duten jantziak. Piratak, marradun galtzak” ere nabarmendu dizkigute Mirentxun. Eta “neskatan, berriz, zuria zilarrarekin edo beltzarekin konbinatutako soinekoak. Oinetakoetarako arroparen koloreari ongi dagozkien bailarinak. Gonak legginsekin ere ikusiko ditugu neskatilak aurtengo udaberri eta udan. Italiar eta daniar moda”, Mirentxuren iritziz.