Udaberria ailegatu baino lehenago hasten dira arropadendak prestaketa lanetan. Udaberriko arropa, erraterako, neguko merkealdia bukatu orduko paratzen dute erakusleihoetan. Elizondoko Ipingi arropadendan, konparaziora, otsailaren erdi aldera jarri zituen udaberri honetako jantzi berriak Axun Irigoienek. Udazkenekoak, berriz, irailaren lehendabiziko edo bigarren astean paratuko ditu.
Dendariek arropak hautatzeko bide diferenteak erabiltzen dituzte. Marka etxeek egiten dizkieten eskaintzei erreparatuz, edo azoka haundietara joan eta interesatzen zaiena aukeratuz, bertzela. Edonola ere, udaberrian sartuak gara eta sasoi honetan nabarmenduko diren joerak zein izanen diren ezagutzeko aukera izanen duzue hurrengo lerroetan.
Jantzi dotoreak ikusiko dira, mauka motz eta belaunetara ailegatzen diren gonak tartean direla. Enkajeak eta parpailak edo puntilak ere modan jarriko dira. Hankaren erdi parera edo bailaunaren bukaerara ailegatzen diren soinekoek garrantzia hartuko dute, baita zabaltasun haundiko gonek ere. Neska gazteek gona motzen aldeko hautua eginen dute. Elizondoko Fantxiken azaldu digutenez, “aurten soineko laburrak datoz, galtzen gainetik janzteko”. Egun bereziei begira, berriz, soineko arin eta erosoak salduko direla erran digute Irungo Lulu jantzidendan, loreen estanpatuekin. Edozein arroparekin konbinatzeko jakak ere ikusiko dira. Gainerakoan, marinelaren marradun estiloa ere indartsu etorriko da. Vichy laukidun estiloa ere eramanen da.
Galtzetan bermudak nagusituko dira. Lesakako Bixkiak jantzidendako Rosa bat dator horrekin, bere hitzetan “galtza piratak guttitu egin baitira”. Dena den, udarako piratak “arras ongi saltzen” direla aitortu digute Fantxiken. Eta Irungo Lulun ere “erosotasunagatik piratak hagitz erabiliak direla” erran digute.
Koloreei dagokionez, zuria eta beltza nagusituko dira. Beige-ak eta grisa ere ez dira urruti ibiliko. Eta hortik aparte, berdeak (pistatxo eta pastel kolorea, esmeralda eta ur kolorea), lila, arrosa, gorria eta laranja ere.
Osagarriei dagokienean, durbante, lastozko kapel eta poltsa, gerriko mehe, belarritako, egurrezko bitxi eta oinetako erosoen erabilera nabarmendu dute adituek. Ezaugarri hippie eta etnikoek ere garrantzia izanen dute: lastozko tiradun sandaliak, irudi indioak eta bordatuak oinetakoetan… Garai batean hagitz erabiliak ziren perladun lepokodunak ere berriz ikusiko ditugu.
Eta udarako… diseinu ausarteko bikini eta bainujantziak
Eta uda ailegatzearekin batera, bainujantzi zein bikiniek ere beren txokoa izaten dute armairuan. Era, kolore eta gustu guztietakoak aurkitu ditzakegu gaur egungo merkatuan, eta gustuko zerbait aurkitzea izaten da ohikoena.
Dena den, hondartza eta igerileku bazterretan aurten ikusiko ditugun bikini eta bainujantziak eskote eta diseinu ausartekoak izanen dira, estanpatu bizi eta alaiekin konbinatuak. Loredunak edo leopardo estiloak nagusituko dira, batez ere. Bikini eta bainujantziez haratago, bertzelako osagarriek ere euren garrantzia izaten dute. Hala nola, pareoak, blusak eta tunikak. Luzeagoak edo laburragoak, gardenak edo ez, kolore batekoak edo bertzekoak. Aukera zabala aurkituko dugu dendetako apaletan. Hondartzara edo igerilekura joateko kapela eta zorroen kasuan, eskaintza ez da hain zabala, baina kolore batekin edo bertzearekin jokatuz konposizio atsegina lor daiteke.