Martxoaren 8an jokatu ziren Doneztebeko Udal pilotalekuan Erreka elkarteak antolatutako Malerrekako seigarren eskuz binakako finalak. Eskualdeko pilotariez gain, kanpoko hainbatek ere parte hartu dute txapelketan eta finalean ere hala izan zen.
Bigarren mailan
Goizeko lehen partidak bigarren mailako pilotarienak izan ziren. Benjamin mailan, Errekako bi bikote izan ziren aurrez aurre eta Iñaki Maylin eta Mikel Lanak 18 eta 10 irabazi zieten Aritz Arrieta eta Axier Baztarrikari.
Alebinetan ere Errekako bi bikote aritu ziren eta Daniel Moran eta Julen Juankorenak 18 eta 12 irabazi zieten Jon Belarra eta Jon Mitxeori.
Alebinetako buruz buruko finalean ere Julen Juankorenak 18 eta 6 irabazi zion Jon Belarrari. Beraz, bi txapelJuankorenarentzat.
Infantiletan, Club Natacion taldeko Zuñigak eta Zugarraldeko Iturbidek 18 eta 6 irabazi zieten Errekako Jokin Uhalde eta Oberenako Jon Viezmari.
Jubeniletan, Errekako Xabier Carrion eta Mikel Goñik ustekabea eman eta 18 eta 3 irabazi zieten Txarutako Irail Zestau eta Errekako Josu Telletxeari.
Lehen mailan
Benjamin mailan, Arrasateko Murua eta Moron II.ak sorpresa eman zuten eta 18 eta 11 irabazi zieten Zugarraldeko Eskiroz eta Agirre II.ari. Txapelketako bikoterik onena Burlatakoa izan arren, finalean ez zuten euren maila eman.
Alebin mailako finala Zugarraldeko bi bikotek jokatu zuten. Partida gogor baten ondotik, Noval eta Larunbek 18 eta 13 irabazi zieten Arano I.a eta Sarasari.
Infantil mailan Etxarri Aranazko Gure Pilota Elkarteko Murgiondo eta Lasak 18 eta 13 irabazi zieten Oiartzungo Oiarpe elkarteko Sarasti eta Basasori.
Arratsaldean, kadete mailako partidarekin hasi zen lehia. Zugarraldeko Iribarren eta Etxamendik 22 eta 18 irabazi zieten Txarutako Beñat Oronoz lesakarrari eta Imanol Juanena oiztarrari. Jubenil mailako finalean Aurrerako Jon Jaunarena leitzarrak eta Arbizuko Josu Bergerak Goizuetako Umore Onako Oier Apezetxea eta Txarutako Xabier Madariaga urroztarraren kontra jokatu zuten. Jaialdiko partidarik onena eskaini zuten gainera, eta azkenean Jaunarenak eta Bergerak 22 eta 17 irabazi zuten. Senior mailako bi finalak jokatu ziren segidan eta uste baino borroka guttiago izan zen bietan. Bigarren mailakoan, Errekako bi bikote izan ziren aurrez aurre: Imanol Mitxelena aranztarrak eta Unai Urrutia saldiastarrak Aritz Anguita eta Joseba Madariaga aranztarraren kontra jokatu zuten. Urrutiak ez zuen finalerdirik jokatu eskuko minarengatik eta finalean ikusitakoaren arabera, oraindik erabat osatu gabe dago. Ez zen eroso ibili eta Madariaga aranztarra jaun eta jabe izan zen. Ez zuen pilota bat bera ere galdu. Imanol Mitxelena saiatu zen jokuan sartzen, baina ez zuen suerterik izan. Azkenean, 22 eta 3 irabazi zuten Angitak eta Madariagak.
Elite mailakoan, azkenik, ezustea izan zen. Mololo Irigoien lesakarrak eta Unai Iparragirre leitzarrak txapelketako bikoterik onena osatuzuten, baina Tolosako Aurrera Saiaz elkarteko Renobales eta Galarraga 11 eta 0 aitzinetik jarri ziren eta azkenean 22 eta 7 irabazi zuten.