«Onenen kontra aritzea da guzion ametsa, baina lasai hartu behar dut»

TTIPI TTAPA 2008ko mar. 31a, 17:08

Iturengo pilotari profesional berria TTIPI TTAPA

• Martxoaren 16an, Garferekin debuta egin zuen profesionaletan Xabier Elizalde Oskoz, 23 urteko atzelari iturendarrak. Briviescan (Burgos) jokatutako partidan, Xabier Altzugarai almandoztarrarekin batera 22-17 irabazi zieten Capellan II.a eta Aitor Elkoro

Debutaren biharamunean, Xabier Elizalderekin izan ginen Arantzako frontoian. Izan ere, iturendarra izanagatik, ama aranztarra du eta pilotan aunitz ibili da Arantzako koadrilarekin. Gustura zegoen, profesionaletan debutatzeagatik eta, gainera garaipenarekin: «Arront nerbioso hasi nintzen, baina Altzugaraik lasaitu ninduen eta hasi nintzen pilotakada batzuk suelto jotzen eta gozatzen. Erditik aitzinera gehiago gozatu nuen eta 22-17 irabazi genuen». Elkoro bezalako pilotari historiko baten kontra lehenbiziko partida jokatzeak ere aunitz motibatu zuen Elizalde.

Profesionaletako urratsak ez du erabat ezustean harrapatu 23 urteko atzelari iturendarra. Izan ere, joan den udan zenbait partida jokatu zituen Garfeko pilotariekin. «Garfe enpresako burua nerekin gustura zegoela ikusten nuen eta proposamena egin eta baiezkoa eman diot». Afizionatu mailako palmaresa aipatzerakoan, aurten, Nafarroako klub arteko txapelketan azpitxapeldun izan da binaka eta Euskal Herrikoan finalerdietan kanporatu zuten. «Azkeneko urtea izan da onena. Nafarroako txapelketan azpitxapeldun atera gara Zerezo lesakarra eta biek eta Euskal Herrikoan, Zerezok behatza hautsi eta gero, Pikabearekin aritu naiz. Arront gustora aritu naiz eta finalerdietan ia-ia irabazi genuen, baina azkenean galdu».

Pilota irakasle

Euskal Herriko txapelketan Ohorezko Mailara igotzeko promozioa jokatu behar zuen orain Elizaldek Gure Txokoarekin, baina profesionaletara salto egin duenez, ez du aukera hori izanen. Pilota irakasle ere bada eta eskualdeko hainbat pilotari gaztetxorekin ari da lanean han-hemenka. Profesionaletan hasita ere, lanbide horretan gustura segituko duela aipatu digu iturendarrak.

Mutil haundia eta indartsua da Xabier Elizalde eta eskuinarekin kolpe handia du. «Eskuina nahiko ona dut eta pilota aunitz luzatzen dut. Ezkerrarekin ere azken urteetan dexente ikasi dut. Nerbioak kontrolatzen ikasi beharra dut», dio. Binaka ari denean, bere aurrelariak tantoa bukatzea gustatzen zaio: «Nik dominatzen dudanean, tantua buka dezala behinik behin. Ni arront gustora aritzen naiz tantoa bukatzen asmatzen duten aurrelariekin».

Altua izan arren, azken urteetan lau t’erdian ere gustura aritu dela aipatu digu Elizaldek, «posturak ere egokiak ditut lau t’erdirako». Binakako txapelketa nagusiaren finalean bi atzelari gazte ikusteak ere ilusioa egiten dio iturendarrari: «Ametsa hori izaten da beti, onenen kontra aritzea, baina ez dakit… Bi urteko kontratua dut orain, ikasten joan behar dut, lasai-lasai eta ikusiko dugu zer pasatzen den gero».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun