Asteburu honetan Sunbillan asteburu kulturala ospatu da. Antolatzaileak Antrotokiko gazteak, guraso elkartea eta Antzakaitz kultur taldea izan dira. Ortziralean gaueko 22etan mus txapelketa izan zen Ulibeltzak elkartean eta 33 bikotek hartu zuten parte.
Munduko kulturen gastronomia lehiaketa
Larunbat goizean munduko kulturen gastronomia lehiaketa egin zen. Guztira 6 taldek hartu zuten parte: San Fermin, Gu Geu, Kaxkarrak, Attope, Urkidi eta Mayaha. Taldeek honako platerak prestatu zituzten: San Fermin taldeak ajoarrieroa; Gu Geu taldeak ogi handia, hanburgesa erraldoia tipula eta litxuarekin, patatak ketxup eta mahonesarekin eta coca-cola; Kaxkarrak taldeak pasta freskoa saltsarekin; Attopek paella; Urkidik ajoarrieroa eta Mayahak ilar xuriak bere sakramentuekin eta kostilarra. Epai mahaia Loli Gandara, Shanti Hernandorena eta Anabel Almandozek osatu zuten. Lehena Mayahak taldea izan zen eta bigarrena Attope. Arratsaldean haurrentzat kars, puzgarriak, zezen mekanikoa eta antzerkia izan zen eta ondotik berendua. Gazteek arratsalde partean triki poteoa eta eztarriak dantzan paratzeko karaokea. Gauean kontzertua izan zen Kuber taldearekin eta gau pasa Trikidantzekin.
Gazta lehiaketa
Igandean lehenbiziko gazta lehiaketa eta artisau azoka izan zen. Antolatzaileek plazan jarri zituzten postuak, baina euria gonbidatu gabe egon arren, parte hartu nahi izan zuen, sunbildarren animoak zapuztu gabe, beti ere. Euskal jantziak, forja, mermeladak, kilikiak, ukenduak, zeramika, jertseak, ehoziriak, loreak, saskiak, maketak, eskulanak, kaikuak, taila, tornoa, taloa, ogia eta kanutiloak ikus zitezkeen. Lehenengo gazta lehiaketa epaitzeko lana izan zuten Arkaitz Bizente, Mikel Petrirena, Rakel Urtxegi eta Mañoli Agirrek eta 3 gazta saritu zituzten: Lehenbiziko saria Bortenea baserriarentzat, bigarrena Ixtola baserriarentzat eta hirugarrena Petrisanzenea baserriarentzat. Ondotik, gazta erdiak enkantean atera ziren, eta baita labe zaharrean egindako 2 ogi. Bakoitzarengatik 18 euro lortu ziren.
Errifa
Bertzalde, errifa ere egin dute eta txartelak herriko dendetan salgai daude. Sariak hauek dira: 1.- 4 bazkari Sunbillako Ariztigain kanpinean. 2.- Urdaiz azpikoa. 3.- Gazta lehiaketan parte hartu duten 14 gazta erdiak. Segidan bazkaria izan zen Ulibeltzak elkartean. 50 lagun inguru izan ziren, artisau, laguntzaile eta antolatzaileak, gehienbat. Arratsalde parterako iragarrita zeuden ekitaldi guztiak frontoian egin ziren. Haurren dantza saioan 40 haur inguruk parte hartu zuten eta denetara ordu inguruko emanaldia eskaini zuten. Antzerki saioa eta berenduarekin bukaera eman zitzaien ekitaldi guztiei. Sunbillako asteburu kulturalaren balorazio hagitz positiboa egin dute antolatzaileek, gehienbat herritarren parte hartzea lortu delako.