Martxoaren 9ko herri bozen ondotik, herriko lehen kontseilua 14an bildu zen andere auzapezari kargua eraberritzeko eta 8 auzapez ordezkari izendatzeko.50 senpertarrek parte hartu zuten lehen kontseiluan, hauen artean ziren, bertzeak bertze, Mixel Lahet Juzan, berriki arte lehen axuanta izan dena, eta Patrick Jacquault, zerrenda batetik bertze baterat pasa dena eta ororen buru kontseiluan sartu ez dena. Duda bat izan ondotik, pozarengatik seguraski, Bessonartek bere hautagaitza presentatu zuen eta 21 boz alde izan zituen auzapez izateko bigarren aldikotz. Abertzaleen zerrendako bi lagunek xuri bozkatu zuten eta Nousbaumen listako lau kontseilariek ez zuten bozketan parte hartu. Nousbaumen zerrendako ordezkaritza doi bat aldatu da Anne-Marie Daugareil andereak dimititu baitu. Benoit Estaynou ibarrundarrak, zerrendan bortzgarren tokian zenak, hartu du bere tokia.
Bertzalde, Senpere Egun eta Bihar taldeko bi ordezkariak, Jef Bederede eta Joana Haranboure, hiru urtez egonen dira kontseiluan, gero beren tokiak utziko dizkiete hirugarren eta laugarren tokian ziren Christophe Pinaquy eta Eliane Galagarrari. Lehen kontseiluan tentsio giroa sumatu zen doi bat. Nousbaumek oroitarazi zuen andere auzapezak boz emaileen %39aren sustengua baizik ez duela. 10 senpertarretik seik nahiago izan dute bertze zerrenda bat bozkatu edo etxean egon.
Abertzaleek gehiago entzunak eta errespetatuak izatea galdetu zuten azken 7 urteetan ez baitzuen hori egin auzapezak, beren ustez. Azkenik,Bonnehon jaunari ez zaio gustatu Haranboure euskaraz mintzatzea. Bonnehon ez zen ohartu Haranbourek euskaraz erran zuela minuta bat lehenago Bederedek frantsesez erran zuen gauza berbera.
27 kontseilarien artean 14 berriak dira. Lehen bilkuran lau mintzatu ziren euskaraz, Dominique Idiart, lehen axuanta, Brigitte Rychenbusch eta abertzaleen zerrendako bi ordezkariak.