Nafarroako Gobernuak hiru urte arteko seme-alabak dituzten ama langileentzako laguntza deialdia zabaldu du aurten ere. Nafarroako Aldizkari Ofizialean martxoaren 12an argitaratu zuen. Apirilaren 30a izanen da eskaerak egiteko azken eguna, eta tramitazioa eskualdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateetan edo Osasun Zentroetako gizarte langileekin egin beharko da. Aitzineko deialdian Gobernuaren dirulaguntza jaso zuten ama langileek etxean jasoko dute aurtengo deialdian izen emateko eskaera-orria, datuekin osatua. Hartara, amak eta bikoteak eskaera sinatu —eta datuetan okerrak baleude horiek zuzendu— eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusira bidali beharko dute. Sakelekoaren zenbakia edo helbide elektronikoa gaineratzea ere gomendatu dute Gobernutik, eskaera ongi jaso dela jakinarazteko. Laguntza lehen aldiz eskatzen dutenek, berriz, aipatutakoez gain, euren datuen berri eman beharko dute.
Laguntza jasotzeko baldintzak hauek izanen dira: 2007an Nafarroan erroldatua egotea; 2007ari dagokion errenta aitorpena Nafarroan egin izana; 2007an 3 urte baino guttiagoko seme-alabak bere kargu zituela egiaztatu; norbere kontura edo bertze norbaitentzat joan den urtean lan egin zela egiaztatu eta guttienez hilabeteko bortz egun osoz lanean aritu zela frogatu; Gizarte Segurantzan edo Lan-Mutualitatean kotizatu dela egiaztatu eta familia osoaren zerga-oinarriaren muga ez pasatu.
Familia osoaren zerga-oinarria 26.000 euro baino ttikiagoa baldin bada, 150 euro kobratuko dira hilabete bakoitzeko. Aitzitik, zerga-oinarria 26.000 eurokoa edo 40.000 euro azpikoa baldin bada, hilabetean 100 euro jasoko dira.