Malerrekan zein Leitzaldean aitzinera segitzen du Agenda 21 egitasmoak. Bi kasuetan beharrak eta gabeziak aztertzeko lehen fasea, diagnostikoa, bukatu dute eta orain emaitzak aztertu eta etorkizuneko planifikazioa egiteko oinarriak zehaztuko dira. Hau da, ekintza plana prestatzen hasiko dira: hobetzeko arloetan oinarrituz, ekintzez osatuko plana eginen dute.
Inkestak eginez ekin zioten Agenda 21 proiektuari, eta Terra-Prometeako teknikariek horiei begira eman ondotik, foroak egiten ibili dira Malerrekan eta Leitzaldean. Azkena otsailean egin zuten: 28an Malerrekakoek eta 26an Leitzaldekoek.
Malerrekan
Azken foro hartan ekonomia eta herrietako eta eskualdeko kudeaketa izan zuten solasgai Malerrekan. 16 lagunek hartu zuten parte. Ekonomiari dagokionez, eskualde bezala, plan estrategiko ekonomiko orokorra falta dela aipatu zuten. Lehen sektorea mantendu beharko litzateke, eskualdeko kalitatezko produktuen komertzializazioa hobetuz. Baserritarren lana ere saritu beharko litzateke bildutakoen iritziz. Industria arloan, lurra falta dela eta azpiegiturak eta komunikazioak ere hobetu behar direla erran zuten. Turismoari begira, eskualderako zein turismo mota nahi den zehazteko garaia dela nabarmendu zen, eta zerbitzuetan zenbait arloetan profesionalizazio eza sumatzen dela ere bai. Udal eta eskualdeko kudeaketari dagokionez, bertzeak bertze, Malerrekako identitate sentimentu sendorik ez dagoela aipatu zuten.
Leitzaldean
Hezkuntza izan zen landutako gaietako bat. Bertzeak bertze, alor horretan inplikazioa gero eta eskasagoa dela azpimarratu zen, baita 12 urtetik goitikoentzat hezkuntza eskaintzan gabezia dagoela ere.
Osasun eta gizarte zerbitzuetan, Leitzako osasun zentroa ttikia dela eta hobetu behar dela nabarmendu zuten, baita osasun harrera ere eskasa dela ere. Horrez gain, eguneko zentro eta zahar-etxe baten beharra azpimarratu zuten.
Kultura, kirola eta euskara izan ziren azken foroan mintzagai izan zituzten bertze gai batzuk. Hala nola, Leitzan Kultur Etxerik ez dagoela aipatu zuten bildutakoek, eta zineak eta kiroldegiak konponketak behar dituztela. Goizuetan, berriz, ez zinerik, ez liburutegirik ez dagoela azpimarratu zuten.
Azkenik ekonomia izan zuten hizpide. Bertze gauzen artean, eskualdeko ekonomia garatzeko planaren beharra izan zen ondorioztatutako beharretako bat.
Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako 18 lagun elkartu ziren foroan.