Hilabete batez kantuan ibili ondotik, martxoaren 16an egin zen Iruñeko Gaiarre antzokian Haur Kantari Jaialdien azken saioa. Aitzineko aldietan nabarmendutako partaideak izan ziren Iruñean eta tartean eskualdeko hainbat. Txikien mailan Goizueta eta Berako Jesusen Bihotza Ikastetxeko lagunek parte hartu zuten. Oihane Zugarramurdi eta Ainhoa Zabaleta goizuetarrek Topa dagigun Oskorriren abestia kantatu zuten, lehena djenbearekin eta bigarrena gitarra akustikoarekin zirela. Gainera, ausardiaren aipamena jaso zuten.
Jesusen Bihotzako Axuriak taldean Ane Etxegarai, Sara Telletxea, Mirari Etxepare, Mattin Irigoien, Idoia Bertiz eta Garbiñe Otxotekok kantatu zuten, Maria Barredo pianoarekin lagun zutela. Betizu taldearen Oholtzara abestu zuten, eta trebetasunagatik aipamena eskuratu zuten.
Gaztetxoen kategorian ere izan zen eskualdeko jendea. Leitzako Naia Barriola bakarlari lanetan aritu zen eta Iraganean islada kantatu zuen. Musikarekin laguntzen Ander Perurena (gitarra), Garikoitz Etxeberria (djenbe) eta Josune Gerra (teklatua) izan zituen. Leitzarrak ahotsaren aipamena jaso zuen.
Doneztebeko Musika Eskolak ere bikotea aurkeztu zuten. Sara Apeztegia eta Nerea Matxinena Sugan taldearen Itxura garestia abestiarekin igo ziren taula gainera, eta Garbiñe Olazar eta Ainhoa Garziarena gitarrarekin, Unai Urroz bateriarekin eta Nerea Telletxea teklatuarekin izan zituzten lagun. Malerrekako bikoteak konplizitatearen aipamena eskuratu zuen.
Azkenik, Baztan-Lekarozko Ttuku-ttuku taldearen txanda izan zen. Iratxe Arretxea, Ainara Onsalo, Idoia Garmendia, Amaia Istilart, Maria Etxegoien, Jone Kamino, Intza Gartxitorena eta Amaia Bertizek osatutako taldeak Aitorren hizkuntz zaharra abesti herrikoia kantatu zuen. Musikari lanetan, berriz, ondoan izan zituzten Izaskun Igoa eta Uhaina Apezetxe (trikitixa) eta Ainhoa Astiz (panderoa). Baztandarrek kantaera tradizionagatik jaso zuten aipamena.