Errespetugabeak

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 31

Aldizkari honen 466. emanaldian Funverako ELAk dioena irakurri ondoren harrituta geratu naiz. Ni ere Funverako langilea naiz eta uste dut argitu behar direla ELAk erraten ez dituen hainbat gauza.
Bertan ELAk dio langileen gehiengoak batzar orokor eta erabakigarri batean bozka sekretuaren bidez onartu zuela hitzarmen berria eta ondorioz alda-txandan lan egin behar izatea langile guztiok gutxienez datozen bi urte hauetan. Baina gorde egiten du beraien hankasartze galanta baten bidez alda-txanda hau hitzarmenaren barruan kokatuta geratu dela enpresaren desioari amen eginez, hain zuzzen, beraiek (ELAkoak) ez direlako gauza izan bi gai hauek (hitzarmena eta alda-txanda) bereiztuak negoziatzeko, nahiz eta Enpresa Batzordeak zentzu horretan erabakia tinkoa aurrez hartuta izan. Ez dute erraten ere, hankasartze horren ondoren informazioa manipulatzen aritu direla etengabe; zabalduz adibidez: ez zegoela bertze aukerarik eta hitzarmena alda-txanda barne onartzen ez balitz enpresak inposatuko lukeela berak negoziaketa hasieran adierazitako baldintzarekin. Ez dute ere erraten, finko egin gabe geratu direla bi langile (nahiz eta horretarako antzinatasun nahikoa izan), ELAk sinesgarritasun gehiago eman duelako enpresaren hitzari bi langile hauenari baino; lotsagarria! Ez dute erraten ere, finko egin beharreko langileen zerrenda jaso bezain pronto langile hauei afiliazio orria ematera joan zirela, erranez gainera soilik ELAri esker finko egin behar zituztela; tamalgarria! Adierazitako hau guztia larria baldin bada ere, larriagoa da hasieran aipatutako batzar erabakigarri horretan ELAk ez zuela langileari zalantzak edota ikuspuntu desberdinak adieraztea utzi; lotsagarria eta penagarria da bere burua ezkertiar sindikatu bat dela dioen ELAk, langileak duen eskubiderik oinarrizkoena horrela zapaltzea; ez al da hau gehiegikeria?
Gutxienezko errespetua edota seriotasuna balute berehala utzi beharko lukete Enpresa Batzordea ELA-Funverako kide guztiek, batzuk gehiegikeri honen egileak izateagatik eta gainontzekoak egile hauei babesa emateagatik.

Joxe Mari Telletxea - Funverako langilea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun