Egi erdia, gezur osoa.
Nahiko zabaldua dagoen ohitura bat dago: zerbait gaizki ateratzen bada, erruduna bilatu behar da, baina beti bertzeen tartean, eta ez bere buruari begiratuz, erruaren geure zatia aitortzeko.
Kiroldegiaren ondoan dagoen etxe konfliktibo horri buruz ari gara solas egiten.
EA, PNV eta Aralarrek emandako prentsaurreko batean euren eskuak garbitu nahi izan dituzte astakeria honetan. Eta nori bota errua? Josu Goiari. Hemen dator lehenbiziko egi erdia.
Egia da Berako hirigintzako araudien «behin behineko onarpena» Berako Udaleko alkatea ni nintzenean egin zela. Baina gu minorian ginen, bortz ordezkarirekin. EAk lau zituen eta PNVk bi. Zergatik estaltzen dituzte datu hauek?
EAkoa alkate zenean, Nafarroako Gobernuak behin betirakoz onartu ondoren, Udalak «refundidua» onartu zuen (2004-07-05). EA eta Aralarren botoekin eta independenteen abstentzioarekin. Orduan ni ez nintzen Udal horretan. Zergatik estaltzen dute datu hau ere? Zer gertatuko litzateke zinegotzi guztiek araudien kontra bozkatu balute?
Zergatik ez zituzten zuzendu gauza batzuk zonalde horren hirigintzako araudien aldaketak egin zituztenean? (etxebizitza gehiago sartu, nahiz eta bolumena ez handitu, zonalde honi zegokion babes ofizialeko etxebizitzak, eperik gabe, bertze sonaldera pasatu, altuera).
Gure errua zein zen? Konfidantza sobera garai horietan zeuden teknikoengan. Guk arkitektoei erran genien zer nolako herria nahi genuen. Behin behineko araudien aprobazioa egin genuenean ez zuten islatu guk nahi genuena. Engainatuak sentitu ginen. Zehazki, leku horretarako guk nahi genuena hau zen: bertze bloke bat, lehengo bien antzekoa, baina bertze aldera paratua. Baita ondoan dagoen baratzeari eta txabolari bolumena ematea ere (lehen ez zuten), partzela nagusian. Horretarako blokea zerbait handiagoa izan behar zen, baina baratzea eta txabola publikoak gelditu behar ziren, bideak zabaltzeko.
Norbaitek pentsa lezake gu hain tontoak ginela bolumen hori emateko txabolari eta baratzari, eta gero 73 m2 kenduta, gainerakoa esku partikularretan uzteko?
Guk behin behinik aprobatutako astakeria horretaz, ez sektorizatua barne, 2006ko martxoan enteratu nintzen. Hurrengo Udaletik inork ez zigun abisatu. Gauak eman nituen ezin loak hartuz. Gertatutakoa ezin sinetsiz.
Argi dago guk behin behineko araudiak onartu ondoren, Nafarroako Gobernuak ere behin betikoz onartu zituela eta hurrengo Udalak «refundidua» onartu zuela. Txarrak baldin baziren araudiak zuentzat, onartu beharrean zergatik ez zenizkioten bueltatu Nafarroako Gobernuari? Denei pasatu zitzaigun araudien astakeria hau eta bertze batzuk. Zergatik naiz ni bakarrik erruduna —eta honekin bi aldiz egiten diot kritika nire buruari—? Bertze guztiek zergatik kritikatzen dituzte bertzeak bakarrik?
Nire ustez araudian oker batzuk zuzendu zitzaketen. Baina ni nengoen Udalari ez zitzaion inongo proiekturik ailegatu. Baina zuen Udalari ailegatu zitzaion proiektu espekulatzaile eta itsusi hori. Zer egin zenuten proiektua zuzentzeko edo hobetzeko? Bakarrik, erran, orain bezala, dena legezkoa zela eta partikularren artean zegoela arazoa. Zeinen modu polita zuen eskuak garbitzeko...! Uste dut gauza aunitz zegoela zuzentzeko, lege aldetik ere, borondatea baldin bazen, baina ez naiz xehetasunetan sartuko...
Bertze aldetik, gure Udalak araudien aitzinproiektua bi aldiz paratu zuen publikoki. Beharrezkoa behin bakarrik egitea izan arren.
Gure Udalaren hirigintzako batzordeak herriarentzat zerbait aportatu nahi zutenentzat guztiz irekiak zeuden (ez zuenak bezala: batzuk irekiak, bertze batzuk itxiak... hirigintza gaietan). Beran dauden arkitekto guztiek parte hartu zuten, eta bertze pertsonek ere bai euren ideiak aportatzen.
Hirigintzako araudiak herriak egin behar ditu. Horregatik, horien erakusketa publiko egiten bada, jende guztiak arduratu beharko luke, guttienez bere zonaldekoa nola geldi daitekeen ikusteko. Eskubide hori ez erabiltzeak –obligazioa ez errateagatik—, astakeria hau gertatzea dakar. Ondoko bizilagunek ere badute beren erruaren zatia, bere garaian utzikeria hura egiteagatik. Guri bezala gertatu zitzaien: inoiz ez zuten espero halako astakeria eraiki zitekeela lur horretan.
Eta zer pasatzen zaie nirean ez, baina hurrengo Udalean sartu zirenei? Udalean sartu baino lehen herriko hirigintza ez zitzaien axola? Non zeuden beren aportazioak edo alegazioak egiterako orduan? Ni zinegotzi izan ala ez, Berako hirigintzako araudi guztietan zerbait aportatzen egon naiz.
Ez dut sartu nahi bertze errudunekin, baina izan badira. Kofrade bakoitzak bere argizaria har dezala eta bere buruari kritikatu behar dionak... egin diezaiola, eta ez erran erdi egiak, izugarrizko gezurrak direlako, euren errua bertzeei pasatzeko. Pertsona guztiok hanka sartzen dugu aunitz aldiz. Hori onartzea zintzotasunez jokatzea da. Hori ez egitea, ez ... Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.
Josu Goia