Unibertsitateetan ikasketa guztiak euskaraz egiteko aukera ez dago bermatua. Ikasle aunitzek euskaraz eginen lituzke ikasketak, baina hautatu dituzten ikasketak direla-eta, ikastegiak ez badio horretarako aukerarik ematen, nekez eginen du hori. Horixe gertatzen zaie Bortzirietako ikasle aunitzeri. Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen ekimenez, Aztiker Jendarte-ikerketa aplikatuak enpresak egin duen ikerketak hala dio. 2000tik 2006ra batxilergo titulua erdietsi zuten Bortzirietako gazteei galdeketak egiten aritu zen aipatu enpresa joan den urteko abuztuan. 252 ikasletik 238k erantzun zioten inkestari, eta galdeketa hartatik ateratako ondorioak ezagutzera eman zituzten martxoaren 13an Etxalarko Kultur Etxean egindako aurkezpenean. Urko ikardo Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikaria, Ainara Maia Mankomunitateko lehendakaria eta Arantzako alkatea eta Iñaki Iurrebaso ikerketa enpresako soziologoa izan ziren ekitaldian. Emaitzak ikusita, eskaera argia luzatu diote Nafarroako unibertsitate eta hezkuntza arduradunei: «euskarazko unibertsitate eskaintza haunditzea».
Bortzirietako ikasleen erdiak baino gehiagok erabakitzen dute unibertsitatera joatea, eta horietatik gehienak Euskal Herrian gelditzen dira, baina Nafarroatik kanpo. Bortzirietako unibertsitarioen %16ak bakarrik ikasten dute Nafarroako unibertsitateetan. Baina zergatik? Bortzirietako ikasle gehienak euskaldunak izaki, euskaraz ikasi nahi dute, baina Nafarroako unibertsitateek ez dute halako eskaintzarik bermatzen. Halaxe dio Unibertsitatea eta euskara Bortzirietan 2007 ikerketak.
Euskara irizpide garrantzitsua da bortz herrietako ikasleentzat. %52,5arentzat euskarazko eskaintza da unibertsitatea edo ikastokia aukeratzerakoan arrazoi nagusia, eta horietatik %40,2k hartzen du hori kontuan. Bortziritarren nahia euskaraz ikastea dela argi utzi du ikerketak. Izan ere, inkestaren arabera, ikasleen %69,2k euskara hutsean eginen lituzke ikasketak eta %13,1ek gehiena euskaraz. Aintzat hartzekoa da Bortzirietako ikasleen herena hobeki moldatzen dela euskaraz gaztelaniaz baino. Gainerako %1,5ek soilik dio gaztelania hutsez ikasiko lukeela.
Egoera zein den ikusita Bortzirietako Euskara Mankomunitateak unibertsitateek euskara eskaintza haunditu dezaten eskatu die Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP) eta Nafarroako Unibertsitateari (NU).
Bortzirietako ikasle gehienek euren ikasketak euskaraz segitu nahi dituzte. Eta Ainara Maiak erran zuenez, «hori pozteko arrazoia da». Gazteek euskarari «prestigioa eta balore funtzionala» aitortzen diotelako. Baina aldi berean, «egoerak zeharo okerrera egiten du euren ikasketak euskaraz jarraitu nahi dituztenean, eta unibertsitatera joan behar dutenean».
«Bereziki kezkagarritzat» jo zuen Maiak Nafarroako unibertsitateen egoera, horietan euskararen presentzia «hutsaren hurrengoa» delako. «Alde ederra dago nahiaren eta egoeraren artean. Hortaz, horretara egokitzeko neurriak ezinbertzekoak eta presazkoak dira, eta ez dago arrazoirik horiek ez hartzeko, edo gibeleratzeko». Eskaera argia, beraz: «unibertsitate ikasketak euskaraz egiteko eskubidea bermatu, eta euskalduntze neurriak berahala abiatu».
Ainara MAIA Bortzirietako Euskara Mankomunitateko presidentea
Zein da ikerlanaren helburua?
z
Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen helburua gizarte bizitzako arlo guztietan euskararen normalkuntza lortzea da, eta herritarrek euskara erabiltzeko eskubidea babestea. Unibertsitatearen euskalduntzea hagitz gibeleratua dagoela bistan da. Azken urte hauetan ikasle guztiek D ereduan egin dituzte euren batxilergoko ikasketak. Toki guttitan izanen da %100eko matrikulazio portzentajea batxilergoan. Baina egoerak zeharo okerrera egiten du bertako ikasleek euren ikasketak euskaraz jarraitu nahi dituztenean, eta unibertsitatera joan behar dutenean. Ikerketak gabezia hori islatzen du eta gure aldetik euskarazko unibertsitate irakaskuntza kalitatezkoa eskaintzea dagokiela oroitarazi nahi diegu Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta Nafarroako Unibertsitateari. Oraingo honetan, ordea, eskaera Bortzirietako gazteen unibertsitate aukera ikertu ondotik egiten dugu, haien nahiak argi erakusten dituzten datuak esku-artean ditugula.
Ikasleek euskarari garrantzia ematen diotela erakusten du ikerketak...
Bai, Bortzirietako ikasle gehienek euren ikasketak euskaraz segitu nahi dituzte, eta euskaraz ikasi ahal izateak pisu haundia izan du ikasketa eta ikastegia aukeratzeko. Hori pozteko arrazoia da, gazteek euskarari prestigioa eta balore funtzionala aitortzen diotela erakusten baitu horrek.
Datuak esku-artean, orain zer eginen duzue?
Gai honetan ardura duten erakundeei bi eskaera luzatu dizkiegu. Batetik, unibertsitate ikasketak euskaraz egiteko eskubidea bermatu dezatela, eta euren eskaintza egokitu eta euskaldundu dezatela; eta bertzetik, euskalduntze neurriak berehala abia ditzatela, ikasketa aukeratuenetatik hasita, euskarazko eskaintza kalitatezkoa osatu arte. Horrez gain, gonbidatu nahi ditugu Nafarroako gainerako udal eta mankomunitateak antzeko eskaerak bidera ditzaten.