Kultur Egunak eginen dira aste hondarrean Sunbillan

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 27a

Bertze urte batez, Sunbillako Antzakaitz kultur taldeak, Sunbillako eskolako Guraso elkarteak eta Antrotokiko gazteek egun kulturalak antolatu dituzte Sunbillan martxoaren azken aste hondar honetarako. Ezin ukatu ekitaldiz betetako asteburua izanen dela. Izan ere, martxoaren 28an, ortziral arratseko 22:00etatik aitzinera mus txapelketa jokatuko da Ulibeltzak elkartean.

Munduko kulturen gastronomia lehiaketa

Martxoaren 29an, larunbatean, goizeko 11:00etan munduko kulturen gastronomia lehiaketa eginen da. Lehiaketa honetan, herriko koadrilek herrialde edo eskualde bateko mozorroa jantzi eta leku horri dagokion plateren bat prestatuko dute. Eguerdiko 14:00etan bazkaria izanen da Ulibeltzak elkartean. Ttikienek ere izanen dute kultur egun hauetan ongi pasatzeko modua. Honela, larunbat arratsaldeko 15:00etatik 20:00etara haurrendako puzgarriak, zezen mekanikoa, kartsak eta gisako jokuak izanen dira. Tartean, arratsaldeko 17:00etan haurrendako berendua ere izanen da. Arratsaldeko 18:00etan, gazteendako trikipoteoa eta jokuak izanen dira eta arratseko 21:00etan herriko gazteen karaokea. Gaueko 23:00etan kontzertua izanen da Berako Kuber taldearen eskutik eta ondotik, Gauerdiko 0:30etik aitzinera gaupasa izanen da Trikidantz taldearekin.

Igandean gazta lehiaketa eta artisau feria, lehen aldiz

Igandean, martxoaren 30ean, goizeko 10:30etik eguerdiko 13:30era Sunbillako lehenbiziko gazta lehiaketa eta artisau feria eginen dira. 11:00etan herriko trikitilariak karrikaz karrika ibiliko dira. Eguerdiko 14:00etan bazkaria eginen da Ulibeltzak elkartean. Arratsaldeko 17:00etan haurren dantza emanaldia izanne da eta arratsaldeko 18:00etan txokolatada. Ondotik, eta egun kulturalak akitzeko, herriko haurren antzerki saioa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun