Nafarroa zuriz jantzi zen pasa den larunbatean, urtko bigarren elurtearen ondorioz. Orreaga, Altsasua, Leitza edo Izaban elurra bota zuen larunbata goizaldeko 1etatik aitzinera. Denboraleak bere aurpegi zakarrena erakutsi zuen igande osoan, baina bortitzen goizean aritu zen. Honen ondorioz arazoak izan ziren zenbait errepidetan. Kateak beharrezkoak izan ziren Artesiaga edota Urkiagan eta autoek ere jarri behar izan zituzten Ezkurrako gainean. A-15 autobidean, Leitza parean, errepidea bi noranzkoetan moztu behar izan zuten eguraldi txarraren eraginez. Elurra kentzeko makinek lan egin zezaten, bi geldialdi tekniko egin behar izan ziren. Lehena, goizeko 9etatik 10etara A-15ean eta bigarrena Etxegaraten.
Negu osoan baino euri gehiago lau egunez
Elurrak agur erran arren, eguraldiak ez zuen atseden hartu eta euriak lekukoa hartu zuen. Azken egunetan euri aunitz bota du eta horren ondorioz, zenbait errekek gainezka egiteko arriskua dute. Arreta berezia merezi dute Arga, Arakil, Ultzama, Urederra eta Ega ibaiek. Baina gure eskualde osoa zeharkatzen duen Bidasoa ibaiaren egoera ez da aunitzez ere hobea. Astelehen gaueko 21:30ean Endarlatsa inguruan 3,60 metroko garaierara iritsi zen, nahiz eta Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak emandako datuen arabera alerta aurreko egoera ezarri 5,50 metrora iristean eta alerta egoerakoa 6,80 metrotan. Nafarroa iparraldean bi hilabetez baino euri gehiago bota du lau egunez. Donezteben adibidez, 136 litro metro koadroko bota zuen ortziraletik astelehen gaueko 21:00ak arte. Artikutzan ere 143 litro metro koadroko erregistratu ziren eta Bertizen 105. Bidasoa ibaiak izugarrizko indarra hartu du eta horrek bere ondorioak utzi ditu. N-121-A errepideko lanek kalteak jasan dituzte eta zenbatekoak diren aztertzen ari dira orain. Bidasoa zeharkatuko duen zubi baten pilarean kalterik egin ote duen begiratuko dute, baina egia da ustez leku seguruan utzitako hainbat material eraman dituela urak.
Oraindik euria eginen du
Ondoko hiru egunetan euria botako du Nafarroan eta gaur elur maila 1.200-1.400 metrotan geratuko da. Bihar egoerak okerrera eginen du eta euri erauntsi mardulak espero dira gehienbat egunaren bigarren zatian. Elur mailak behera eginen du eta 700-800 metrotan geratuko da. Zaila iduri duen arren, asteazkenean baino euri gehiago botako du, baina elur maila 1.700- 1.800 metrotan geratuko da. Negu bideragarritasun eta larrialdi planak martxan izan dira egunotan. Plan hauen eraginez 400 pertsonek lan egin dute, lan publiko, garraio eta komunikazio departamentuak, foru polizia eta guardia zibila eta SOS Nafarroak emandako zerbitzuetan banaturik.
N-121A errepidea moztuko da asteazken eta ortziral eguerdian
Bertze aldetik, N-121A errepideko lanetan egin beharreko leherketen ondorioz, Endarlatsa eta Bera artean erabat moztuko da bidea aste honetan hiru egunez, 12etatik ordubietara. Lehen mozketa astearte eguerdian egin da eta hurrengoak asteazkenean, martxoren 26an eta ortziralean, martxoaren 28an eginen dira. Bertze zati batzuetan txandaka emanen da bidea egun osoan.