Indurain Fundazioak urtero urtero Nafarroako kirolari afizionatu onenei eta entrenatzaileei banatzen dien bekak eman zituen joan den ortzegunean, martxoaren 13an, Iruña Park hotelean. Migel Indurain bera izan zen ekitaldian, Isabel Garcia Malo kontseilariarekin eta Jose Javier Esparza, Nafarroako Kirol Instituko zuzendariarekin. Guzira 296.451 euro banatu ziren; horietatik programa olinpikoan eta paraolinpikoan dauden hamar kirolari emnen zaie; 146.300 euro olinpikoan diren bertze kiroletako kirolariei; 21.000 euro olinpikoan ez diren kiroletako atletei, 31.951 euro entrenatzaileei laguntzeko eta 32.000 euro federazioen laguntza programa berezietarako.
Kirol olinpikoetako kirolari eta entrenatzaileak
Eskualdeko kirolariei dagokienez, kirol olinpikoetan, Beintza-Labaiengo Idoia Mariezkurrenak 4.800 euro jasoko ditu. Idoia bigarren izan da Espainiako jabalina jaurtiketa txapelketan. Skeet olinpikoan, Lesakako Fagoagatarrek hainbat laguntza hartuko dituzte. Itsaso Fagoagak lehenbiziko postua eskuratu zuen Espainiako txapelketan eta 3.000 euro eskuratuko ditu; Jone Fagoaga ahizpa zaharrena bigarren izan zen Espainiako txapelketan eta 2.400 euro eskuratuko ditu eta Antonio Fagoaga aita bosgarren izan zen Espainiako txapelketan eta 1.500 euro hartuko ditu. Gainera, Antonio Fagoagak 750 euro hartuko ditu Itsasoren entrenatzaile lana egiteagatik. Judoan, Doneztebeko Noelia Ariztiak 1.800 euro hartuko ditu, 23 urtez beheitiko Espainiako txapelketan bigarren izan ondotik. Bere prestatzaileak, Oskar Mindegia doneztebarrak ere 450 euro eskuratuko ditu.
Agurtzane Obregozo errugbilaria, kirol ez olinpikoetan
Olinpikoak ez diren kiroletan, Agurtzane Obregozo Iruritako errugbi jokalariak 900 euro eskuratuko ditu, Europako txapelketan hirugarren izan ondotik.