Oihaneko zuhaitzen 15 hazitegi sortu ditu Gobernuak

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 18a

Horietako batzuk eskualdean

Nafarroako Ingurumen Departamentuak oihaneko zuhaitzen haziak bilduko dituen 15 hazitegi eratu ditu. Horretarako aukeratu diren lekuen artean, batzuk gure eskualdean daude, ingurumenean balio haundia dutela iritzita: Belaiberri inguruan, Aritzakunen, Baztanen haltz hazitegia eginen da; Zubietako Malkorra inguruan urki-hazitegia; Igantziko San Juan Xarren, iberiar penintsula osoan dagoen karpe edo xarma arrunteko oihan bakarraren haziak bilduko dira; intxaurrondo eta gereziondo basatien hazitegiak Donamariako Txarutako Errekan eta Itxundegi-Igurin aldean, Gazteluko Aranburun, Beintza-Labaiengo Ortxaneko borda eta Telleriako borda inguruetan eta Zubietako Urdanolan eginen dira eta Zubietako Agerregi aldean, berriz, haritz beltzaren haziak bilduko dira. Horrez gain, Ezkurran, Eratsun, Saldiasen, Zubietan eta Elgorriagan ere sasiakaziaren hazitegiak eratu dira. Bertizaranan, azkenik, Bertizko Bagola aldean, hagin hazitegia sortu da. Inguru horietatik, gero mindegietan salduko diren zuhaitz haziak aterako dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun