Internet-eko banda zabala hedatzeko Gobernuaren soluzioa ez dela aski uste du Etxalarko EAk

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 18a

Etxalarko Eusko Alkartasunak kontent agertu da herrian Iberbanda teknologia aldatuko duelako Nafarroako Gobernuak, baina halere, ez dela nahikoa uste du. Interneteko banda zabalak Nafarroako landa eremuetan hedatzeko arazoa aspaldikoa da. Etxalarko EAk gogorarazi duenez, “2004an, Maiorga Ramirez EAko parlamentariak eskaria egin zion Nafarroako Gobernuari, Etxalarrek Interneterako sarbidea baldintza duinetan izan zezan”. Geroztikan, kexu, galdera eta interpelazio ugari egin ditu EAk parlamentuak. Etxalarko EAtik adierazi dutenez, “duela hilabete batzuk, lehendik parlamentuan egindako galdera baten ondorioz, Nafarroako Gobernuak Wifi errepikagailua ezarri zuen Akokan. Errepikagailuak hartzen zuen eremuak Internetera sarbidea bazuen, baina gehieneko abiadura kontratatu eta ordaintzen zenaren %20a zen”. Orain, parlamentuko bertze galdera baten eta EAk Etxalarren urtarrilean eman zuen prentsaurrekoaren ondotik, Nafarroako Gobernuak Akokako Wifi errepikagailu zaharkitua kendu eta azkenean, kontratatzen den abiadura ematen duen Wimax errepikagailua ezarriko du. Baina EAk aipatu duenez, “hori bai, etxalartarrek zerbitzuaren %15 edo 20arengatik fakturen %100 ordaindu duten hilabeteetaz ez da oroitzen Nafarroako Gobernua”.

Internet zerbitzu duina etxalartar eta nafar guzientzat

Gainera, soluzio hau ez dela nahikoa uste du Etxalarrek. Nafarroako bertze herrietan gertatzen den bezala, Etxalarren ere Interneteko banda zabalaren zerbitzurik gabeko herritarrak geldituko dira eta horregatik, eskari bera egiten du EAk: Interneteko banda zabala baldintza egokietan, hau da, guttienez Mega 1eko abiadurarekin, etxalartar eta nafar guzientzat.

«Egiazko arazoa moldatzen ez duen makillajea»

Gobernuak zerbitzua hobetzeko inbertsioak eginen dituela aipatu du, baina “bertze batzuetan gertatu den bezala, makillaje soluzioak” izan daitezkeela uste du EAk. “Honekin, egunkarietan ongi ematen duten emaitza estadistikoak eman nahi dituzte, baina ez dute egiazko arazoa moldatzen, hau da informazio eta komunikazio teknologiak Nafarroa osora ailegatzea. Banda zabaleko Interneta zerbitzu unibertsala dela sinetsi behar da eta nafar guziei ailegatu behar zaie, bizi diren lekuan bizi direla”.

«PSN guttirekin konforme da»

PSNren jarrera ere kritikatu du Etxalarko EAk, “Nafarroako Gobernuak inbertitu behar duen pixarra beraiei esker” dela aipatu baitute. “Guttirekin konforme dira!” dio EAk. Manuel Chaves sozialistak Andaluzian egin duen bezala, PSNk Nafarroan nafar guzientzat Interneterako sarbide egokia lortzeko lanean ari direnekin batera lan egiteko eskatu du EAk, honela “nafar guziak, hirian, herrian edo baserri batean bizi, teknologia berriekin berdinak izan gaitezen”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun